Euskara hutsez egindako ikerketak onartuko dituzte, lehenengoz, eta emakume ikerlariek puntuazio handiagoa lortuko dute.
Garazi Lopez de Etxezarreta zinegotzia Koldo Mitxelena Ikerketa Bekaren aurkezpenean.
Zabalik da bi urtetik behin udalak antolatzen duen Koldo Mitxelena Ikerketa Beka. Hamalaugarren aldia du honakoa, eta eraldatuta dator hausnarketa prozesu baten ondorioz. Izan ere, euskarazko ikerketa lanak baino ez dituzte onartuko hura sustatze aldera, eta emakumeen ikerketa sustatzea ere jarri dute helburu Garazi Lopez de Etxezarreta Euskara zinegotziak bekaren ekinaldi berria aurkezteko egin duen agerraldian azaldu duenez.
Batean zein bestean, bide luzea dagoela egiteko nabarmendu du Lopez de Etxezarretak, “euskaraz egindako ikerketa, zein emakumeek egindako ikerketa sustatzea izan da aldaketarik nagusia. Sustapena eta bultzada handiena behar duena euskaraz egindako ikerketa da oraindik, eta emakume ikerlarien lantaldeek ere puntu asko jasoko dituzte. Azken batean, udal batek unibertsitateari, ikerketa munduari eta ikerketa zientifikoari lotutako ikerketa sustatzeak zentzurik badu, pentsatu dugu zentzua daukala euskaraz egindako ikerketa izatea, oraindik ere baduelako bide luze bat egiteko eta emakumeek egindako ikerketa sustatzea. Horrekin batera, Errenteriaren gaineko ezagutza areagotu eta Koldo Mitxelena filologo errenteriarra omentzea ere baditugu xede”.
Lehen aldiz, gainera, UEU Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean arituko da Errenteriako Udala beka horren harira: “Ikerketaren eremua unibertsitateari gehiago dagokiola ikusi dugu modu orokor batean, baina agian egon zitezkeela behar batzuk udaletatik ere ikerketa zehatzak zehazteko. Aldaketa horretan aliantza bat bilatu dugu UEU Udako Euskal Unibertsitatearekin, berarekin hitzarmena sinatu dugu, eta dute difusio lana egingo du ikerketa eta ikerlarien munduan bekaren oinarriak zabaltzeko, eta epaimahaikide kualifikatuak jarriko ditu”. Ikerketa esparruak zabalak ziren orain arteko deialdietan, baina horiek ere mugatzea erabaki dute, eta aurtengo deialdian, literatura, hizkuntzalaritza edo antropologia esparruen gainekoak izan beharko dute ikerketek.
Bekaren zenbatekoa eta iraupena
Beka egiteko deialdiaren irabazleek jasoko duten diru kopurua zein hura garatzeko iraupena ere aldatu ditu udalak hamalaugarren honetan.Orain arte 9.000 euro jaso eta 12 hilabeteko epea zuten ikerketa lana egiteko; aurten ordea, beka jasotzen duenak 15.000 euro jasoko ditu eta 18 hilabete izango ditu ikerketa egiteko, “dirutan duindu eta epeetan luzatu egingo dugu”.
Errenteriarekin lotura duten ikerketak egitea ere puntuazio berezia jasoko duela azaldu du, bestalde, Lopez de Etxezarretak.
Beka norbanakoek nahiz lantaldeek jaso ahalko dute. Azken kasu horretan, ikerlanaren zuzendari arduraduna izendatu beharko dute. Eskaerak eta gainontzeko agiriak aurkezteko epea zabalik da dagoeneko, eta urriaren 31n amaituko da. Informazio osagarri guztia, berriz udalaren
web orrian kontsulta daiteke.
UEUrekin hasitako bideak aurrerago aukera emango diola udalari ziurrenik bestelako ikastaro eta saioak egiteko nabarmendu du, bestalde, “proiektu ezberdinetan aliantzak baditu udalak unibertsitatearekin, eta UEUrekin elkarlanean aritzea interesgarria da”.
Bi urtetik behin egiten den ikerketarako azken urteetan izaera ezberdinekoak lau eta sei proiektu artean aurkeztu izan dituzte.