Eusko Tren ligara igotzeko play offetik kanpo gelditu da Hibaika. Araudiak ETE eta Galiziako ligetako lehen sailkatuek jokatuko zutela kanporaketa zehaztu zuen, baina udan zehar, hainbat iturrik zehaztu dute ETE ligako lehen bi sailkatuak arituko zirela.
Hibaika, joan den osteguneko sailkapen estropadan.
Haserre eta minduta azaldu da Hibaika Arraun Elkartea, TKE Ligaren zuzendaritzak, Hibaika, Eusko Tren Ligara igotzeko play offetik kanpo uztea erabaki duelako. Errenteriako arraun elkarteak onartu du ekainean idatzitako araudian zehaztuta zegoela ontzi batek baino ez zuela aukera izango kanporaketa jokatzeko, ETE eta Galiziako ligetako lehen sailkatuek, zehazki, baina hala ere, uda osoan zehar ETE Emakumeen Traineruen Elkarteko zuzendaritzak zein komunikabideek nabarmendu dutela behin eta berriz, ETE Ligako lehen bi taldeek jokatuko zutela kanporaketa hori Eusko Tren Ligan aritzeko datorren denboraldian.
Hibaikako arraunlariei “kalte handia” eta “konponezina” eragin diela egoerak salatu du Errenteriako arraun taldeak, “beste behin ere, goiz eta arratsaldez entrenatu duen talde hau izan da kaltetuena sortu den egoerarekin”. Kexu azaldu dira, iturri ezberdinek uda osoan kanporaketan ETE Ligako lehen bi ontzi sailkatuek parte hartuko zutela zabaldu badute ere, abuztu amaiera arte ez duelako inork informazio hori gezurtatu: “Dena erabakia dagoenean eta jakin denean zein bi klub duten aukera play offa jokatzeko atera da informazioa. Berandu oso”.
Gogor aritu da Hibaika halaber hainbat kluben gainean, eta zehaztu ez baditu ere, haserre azaldu da emakume traineruak ez dituzten taldeek hartu dutelako emakumeen arraunaren gaineko erabaki hori: “Uste osoa dugu emakumeen arrauna batere interesatzen ez zaien taldeak daudela”. Eta horren adibide, duela gutxi TKE Ligak Galizian egin behar zuen bilera unibertsala jarri du: “Play offaren gaia mahai gainean zegoen, baina bilera ez zuten egin, klubetako bat berehala altxa zelako mahaitik agerian utzita gaiaren gainean zuen interes exkaxa”.
Talde txikia eta umila dela Hibaika, eta klub handi eta ahaltsuen artean “manipulatuta” sentitzen direla erantsi du: “Guztioi eragiten diguten erabakiak hartzerakoan euren kirol interes partikularrei baino ez diete erantzuten, eta beti kirolariek galtzen dute”.
“Kafkiarra”, hori da egun arraunak bizi duen egoera Hibaikaren esanetan, “eta uste dugu errealitate hori ezagutu behar dutela babesle eta laguntzaileek, beraien diru ekarpenarekin zein erabaki babesten dituzten jakin behar dutela”.