Matrikulazio kanpaina martxan da, eta euskaltegietako arduradunek gaur eguerdian aurkeztu dute aurtengo eskaintza.
Trintxerpeko udal euskaltegian eta Antxoko Txirrita AEK euskaltegian matrikulazioa zabalik dago. Gaur eguerdian aurkeztu dute aurtengo eskaintza,
Ni euskaragile naiz lelopean. Euskaltegietako arduradunak, udal arduradunak lagunduta agertu dira prentsa aurrera, ikasturteko berritasunak nabarmentzeko.
Goraipatu dituztenen artean, kontuan hartzeko, mintzamena lantzeko ikastaro berezia. Jendearen eskariei erreparatuta antolatu dute, eta harrera ona izango duela espero dute. Maila guztietako ikasleei zuzenduta dago eta 60 orduko iraupena izango du ikastaro berriak. 60 ordu horiek ikasleek bi modutan banatzeko aukera izango dute: bi ordu astean behin, ikasturte guztian zehar, edo bi ordu astean bitan, urritik apirilera. 57 euroko kostua izango du ikastaroak.
Horrez gain, orain arte ez bazela, astean bitan edota hirutan antolatutako ikastaroak eskainiko dituztela iragarri dute.
Berritasunetan goraipatu duten beste kontua, ekonomikoa izan da. Pasaiako Udalak aspalditik ematen ditu euskara ikasteko diru laguntzak, baina aurten, laguntza sistemaren araudia aldatu dute, erraztasunak handituz. Modu honetan, aurrerantzean, langabetuek, Diru sarrerak Bermatzeko Errenta edota Giza Larrialdietako Laguntza jasotzen dutenek matrikularen %20 bakarrik ordaindu beharko dute ikasturtearen hasieran (orain arte matrikula osorik ordaindu behar zuten aurrez) eta eskola orduen %85era baino gehiagora bertaratuz gero, udalak aurreratutako diru kopurua itzuli egingo die osorik ikasturte bukaeran.
“Helburua argia da”, esan dute “dirua edota ordutegiak ez daitezela eragozpena izan euskara ikasteko”. Zentzu horretan, jendea animatu nahi izan dute, euskaltegietara gerturatu eta informazioa eskatzeko, “urtero bezala, aurten ere, helburu eta beharretara egokitzen diren ikastaro espezifikoak” antolatuko dituztelako.
Ohiko eskaintza
Berritasunek ohiko eskaintza osatuko dute. Hala, urritik ekainera bitartean, ohiko ikastaro guztiak eskainiko dituzte, eta horiez gain, dendarientzako ikastaroak, 12 urte arteko haurrak dituzten gurasoentzako ikastaroak,
langabetuentzako ikastaro trinkoak, 16 eta 30urte arteko gazteentzakoak, edota
Pasaiara heldu berri diren pertsonentzako ikastaroak antolatuko dituzte.
Guztien gaineko informazio zabalagoa
Pasaiako Udalaren webgunean lor daiteke, eta noski, baita eusklategietan ere.
Trintxerpeko Udal Euskaltegia
Antxoko Txirrita AEK Euskaltegia