Gazte olinpiaden bigarren saioa egin dute goizean; ospatzeko, bazkaria, karaokea eta erromeria.
Lehengo larunbatean egin zuten lehen saioa, eta gaur goizean bigarrena. Lezoko gazteria olinpiadetan murgilduta dago. Kuadrilletan eta elastikoen kolorearen araberako taldeak osatuta, nor baina nor aritu dira goizean zehar, ginkana ibiltarian.
Goiko plazan hasi, Gurutze Santuarenean jarraitu, Txerrimuño ondoren, azkenik, Saldise plazako txosnagunean bukatzeko. Bitartean probak gainditzen joan behar izan dute gazteek, fisikoak batzuk, abileziakoak besteak, galdera-erantzunak… denetik izan dute probatu beharra. Eta lehian garaile, ‘Bartoloak’, elastiko gorrikoen kuadrillakoak.
Olinpiada bukatu da, baina ez festa. Bazkaria dute gazteek, eta ondoren, karaokea eta erromeria, arratsaldekoan zeinek hoberen abestu, nortzuk gehien dantzatuko.