Santakrutzen harira, dantza egiteko aukera asko izango dira. Klasiko bihurtzen ari den Muxiko Eguna, horien artean ezagunena.
Marmitakoaren bazkarian bilduko dira Dantzazaleak larunbatean.
Edukiz beterik datoz santakrutzak. Egitarau ofiziala, txosnagunearen sorrera, eta nola ez, dantza. Lezoko Dantzazaleek IX. Muxiko Eguna antolatu dute jaietako larunbaterako (hilaren 15erako). Goizetik arratsera arte, plazak, herriko txokoak, dantzazaleenak izango dira ere.
IX. Muxiko Eguna 12:00etan hasiko da Karlos Saldise plazan, bertan biltzen hasiko dira dantzariak. Herribuelta egin ondoren, 13:00ak aldera, Punpeka musika taldearen laguntzarekin plazako euskal dantza ezberdinetan (tartean muxikoak) aritzeko aukera izango da (Gurutze Santuaren plazan). Hankak astindu ostean, hortzak astintzeko garaia izango da, herri bazkaria egingo dutelako, bat eginez Marmitako Txapelketarekin, han egindakoak dastatzeko aukera izango delako bazkarian (txartelek 15 euroko prezioa dute).
Bazkalostean, gerriak beste era batera mugitzeko aukera. Izan ere, Andoni Ollokiegi musikari sanjuandar ezagunak kontzertua emango duelako bazkalondoan inork siesta egin ez dezan. Eta 17:00etan, berriz ere Lezoko kaleetara, dantzara. Erne: bazkaritarako sarrerak aldez aurretik erosi egin behar dira, Santander banketxeko honako kontuan 15 euro sartuz: 2100 5396 9001 0020 8616,
19:00etan dantzarien egunaren azken deialdia. Gurutze Santuaren plazan, Lizarrako Larrain Dantza IX. Muxiko Eguna bukatzeko. Ederra.