Marijo Telletxeak ‘Hitz hartuak’ iritzi zutabean idatzitakoa, HITZAren irailaren 21ko zenbakian.
Marijo Telletxea.
Gure aitari askotan entzun izan diot ?arrunt gustukoa duen bertsolaritzari lotua? «
hitzik hobenak hartuak dozte». Hori entzun izan dudanean
irudikatu izan dut hitzak han nonbait zeudela, berezko izaera eta izate bat zutela, eta beraz, hitz horien erabiltzaileek hitzak egoki aukeratu eta ongi nahasteak izugarrizko garrantzia zuela. Izan ere, edozeinek ezin ditu hitzak behar bezala ekarri eta lotu, eta hala egiteak nolabaiteko berezko dohain baten gisako zerbait esan nahiko luke.
Horrez gainera, beste zerbait ere iradokitzen du; behar bezala esan zitekeen guztia, hitzaren bidez liluratu eta harritzen gaituen zernahi lehendik esana dagoela, alegia. Hortaz, ondoriozta genezake ez dagoela deus berririk esateko, baina esan behar horretan, esan eta esan gabiltzala horrekin munduan eragin nahian-edo.
Iraganarekiko miresmen horrek beti harrapatu izan nau etorkizunerako jakin-minak baino askoz indar handiagoz, eta horregatik, are politagoa eta esanguratsuagoa iruditu izan zait aitaren epai hori:
hitzik hobenak hartuak dozte. Hitz horiek, halere, misterio pixka bat badute ezagutu ez dugun mundu baten berri ematen baitigute; izan ziren haien eta gu garen hauen arteko lotura ikusezinaz ohartarazten gaituzte.
Ez da harritzekoa, beraz, Atxagak idatzi eta Laboak kantatzen zituen hitz hauek etortzea gogora:
Gure hitzak esan berriz esan, ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal. eta zirkulua osatu egiten da. Hitzik hoberenak hartuak egon arren, ezinbestekoa da behin eta berriz esatea, behin eta berriz errepikatzea iraun dezaten eta esanahia eduki eta manten dezaten. Hori gabe deseginak gure hitzak, desagertuak gu.
HITZA egunkarian idaztea egokitu zait, eta beraz, hitza hartu dut. Aurrekoen hitzaren erabilera magikoa galduxea dagoen garai moderno hauetan, ahaleginduko naiz hitzari eman dezakeena eskatzen, eta zuri, irakurle, etxean HITZA hartu eta irakur dezazun eskatuko dizut.