Itsas Kayakeko XIV. Euskadiko Koparen azken proba lehiatuko da igandean, eta Pasaia Kayak-ek, sailkapenaren buru, beren nagusitasuna berresteko asmoa du.
Uztailean itsas kayakeko Euskadiko Txapelketa irabazi zuten Pasaia Kayakeko taldekideak, garaikurrekin, podiumean.
Pasaia Kayak talderik lehiakorrena izan da aurten itsas kayaken euskal lehian, eta sailkapena horren adierazgarri. 612 punturekin sailkapenaren buru dira palista pasaitarrak, eta 230 puntura dute bigarren sailkatua, Donostiako Fortuna, 382 punturekin. Igandean, beraz, beren nagusitasuna berrestera uretaratuko dira Lekeition, han lehiatuko delako Itsas Kayakeko XIV. Euskadiko Koparen zazpigarren eta azken proba.
Taldeko bi palista senior puntakoenak eramango ditu probara Pasaia Kayak-ek, Lander Rodriguez eta Aritz Araneta, ahal dela, taldekako beste garaipen batekin bukatzeko denboraldia.
Koparen puntuazioan, aurreko sei probetatik bostetan izan da Pasaia Kayak lehen taldea, eta proben sailkapen orokorrean, aldiz, hiru garaipen eta hiru bigarren postu lortu ditu orain arte talde pasaitarrak.
Beraz, igandean, Pasaia Kayak-en izango dute zer ospatu, klubak itsas taldea indartzea erabaki duen urte berean, Euskadiko txapelketa eta Euskadiko Kopa, biak irabaziko dituztelako lehen aldiz historian.
Kayak Poloko Euskadiko Txapelketa
Bien bitartean, larunbatean, Pasaia Kayak Taldearen 30. urteurrenaren ospakizunen barruko azken jarduera egingo da, Kayak Poloko Itsas Txapelketa. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, beren hasierako asmoa Pasaiako portuan lehiatzea zen, baian ezinezkoa suertatu da eta Astigarragako igerilekura lekualdatu behar izan dute proba.
Urtero bezala Donostiako ATSS izango da faborito nagusia, baina gainerako taldeak gauzak zail jartzen saiatuko direla uste dute Pasai Kayak taldeko arduradunek.