Urriaren 20rako Orain Presoak-ek deitutako manifestazioari begira prestatu dute 'Motxilak Gora' erakusketa; datorren astean izango da erakusketa
[Argazkia: Sare].
Orain Presoak dinamikak manifestazioa deitu du urriaren 20rako, Donostian. Horri begira,
Motxilak Gora erakusketa prestatu dute Oiartzunen, datorren asterako. Motxiladun umeen errealitatea ezagutarazteko asmoa du erakusketak.
Oiartzungo Sarek jakinarazi duenez, herriko bi haur —Euri eta Xuhar— dira bakoitzaren aita bisitatzeko motxila soinean hartu eta kilometro ugari egin behar dituztenak. Beste lau haurren gurasoak noiz epaitzeko zain daude.
Errealitate horiek —eta beste batzuk— ezagutzeko—, udaletxeko pleno aretotik pasa daiteke arratsaldero, datorren astelehenetik ostiralera. 17:00etatik 20:00etara egongo da irekita.
Ekitaldiak
Erakusketak irauten duen bitartean, hainbat ekitaldi egingo dituzte. Astelehenean, 18:00etan irekiera ekitaldia hasiko da, Maider Zabalegi, Gorka Urra eta Urbil Artolaren emanaldiarekin. Olarri dantza taldea ere igoko da oholtzara. Ondoren, luntxa egingo dute.
Asteartean, 18:00etan bisita gidatua egingo dute eta ordubete beranduago Ekain eta Malenek kantatuko dute. Ostegunean pista jolasa egingo dute 17:00etan, eta 18:00etan bisita gidatua. Ostiralean haurrentzako antzezlan bat eskainiko dute Itsaso Guemesek, Zigor Arresek, Alaitz Bergaretxek, Eli Lizasok eta Iñaki Arbelaitzek, 17:30ean hasita.
Sarek jakinarazi duenez, urriaren 6an bizikleta martxa egingo dute herrian barrena. 10:00etan aterako da, Gurutzetik. Ordu laurden beranduago pasako da plazatik, haur eta gaztetxoak jasotzera. 12:30ean harrera egingo zaio martxari, plazan, eta agerraldi jendetsua egingo dute. Arratsaldean, 16:30ean hasita, Lorea Etxeberria ipuin kontalariak saioa eskainiko du Kaskazuri plazan.