Gaztañoko sarbide nagusia den trenbide-pasagunearen zoruaren egoera, buruhauste bihurtu da auzotarrentzat auzo elkarteak salatu duenez.
Panelak jarri ditu Gaztañoko Auzo Elkarteak pasabide duina eskatzeko.
Gaztañoko sarbide nagusia Euskotreneko Erdialdeko geltokiko trenbide-pasagunea da. Pasagune horren egoera “kaxkarrarekin” kezkatuta dago Gaztañoko Auzo Elkartea, eta kezka berria ez bada ere, hari irtenbidea ematea exijitzeko hainbat ekintza abiatu ditu. Pasabide duina nahi dute.
Auzo elkarteak jakinarazi duenez, joan den martxoaren 25ean, idatzia helarazi zion Eusko Trenbide Sareari, kezka azaldu eta bilera eskaera egiteko egoerari alde guztientzat onuragarria den irtenbidea bilatzeko. Sei hilabete pasata, ez du erantzunik jaso. Horrenbestez, pasabidearen egoera kaxkarra agerian uzten duten panel grafikoak jarri ditu auzoaren hainbat puntutan eta haren inguruetan.
Trenbide-pasagunearen zoruaren egoera buruhauste bihurtu da auzotarrentzat auzo elkarteak salatu duenez. Izan ere, trenbide-pasagunea haur kotxeekin, gurpildun aulkiekin, makuluekin, edota erosketa gurdiekin zeharkatzea, oztopo lasterketa bihurtu da auzotarrentzat, eta hala erakusten dute paneletan bildu dituzten argazkiek: “Makuluak, aulkien gurpilak trenbidean kateatuta gelditzen dira zorua egoera txarrean dagoelako”.
Ez da egoera konpontzeko bilera eskatu duen lehen aldia, baina orain arte ez du konponbiderik lortu. Azken hori ere badu auzo elkarteak, eta hala planteatu dio Eusko Trenbide Sareari, “geltoki barruan, bi nasen artean, dagoen oinezkoen pasabidearen antzeko bat errepidean jartzea. Eskatzen duguna ez da konponbide zaila, eta auzotarren buruhaustearekin amaitzea ekarriko luke”.
Eseri eta hitz egiteko prest daude. Erantzunik ez dute jaso oraindik, ordea, baina geldirik egoteko asmorik ez dute, behintzat. Momentuz, trenbide-pasagunearen arduradunei idatzia helarazi, panelak jarri dituzte hainbat puntutan eta salaketa publikoa egin dute; erantzunik ezean, aurrera urratsak egiten jarraitzeko asmoa ere agerian utzi dute, etxera iristea oztopo lasterketa izan ez dadin auzotarrentzat.