Rodriguez da bere burua aurkeztu duen hautagai bakarra, eta urriaren 5era arte du abalak lortzeko epea.
Jose Angel Rodriguezek abalak lortu behar ditu orain.
Errenteriako alkatetzarako hautagaia aukeratzeko PSE-EEk zabaldu duen primarioen prozesuan parte hartzeko argi berdea eman dio Jose Angel Rodriguezen aurre hautagaitzari berme batzordeak. Rodriguez da bere burua aurkeztu duen bakarra, eta behin onartuta, abalak lortu beharko ditu orain. Horretarako, berriz, urriaren 5era arte izango du aukera.
Errenteriako baliozko hautesle-erroldaren %5aren abalak gutxienez, eta %10arenak, gehienez, lortu beharko ditu Rodriguezek alderdi sozialistaren hautagai izateko datozen udal hauteskundeetan. Abalak biltzeko epea amaituta, urriaren 5ean bertan bilduko da alderdi sozialistaren berme batzordea abalak egiaztatu eta Errenteriako alkatetzarako hautagaia izendatzeko. Hautagai bakarra izanik, militanteek ez dutela bozkatu beharko gaineratu du alderdi sozialistak.