Euskal Herria plazan eta Andreonen jarri dituzte ariketa fisikoa egiteko aparatuak; ate irekien astea ospatzen ari dira kirol instalazioetan
Euskal Herria plazako txoko batean jarri dituzte makinak.
Europako Kirol Astea den honetan, Lezoko Udalak ariketa fisikoak egiteko aparatuak aurkeztu ditu. Euskal Herria plazan eta Andreonen jarri dituzte, pertsona helduek erabil ditzaten.
Unai Benedited kirol orientatzaileak azaldu duenez, makina horiek Tipi-topa programari edo bestelako jarduerei batzen zaizkie. “Herritarrak aktibatzeko asmoz jarri dira makina horiek. Jende guztiarentzako dira: patologiaren bat dutenak, lesioak dituztenak, edo osasuntsu daudenentzat”, esan du Beneditedek.
Zortzi makina daude Euskal Herria plazan, eta beste hamar Andreonen, bidegorriaren ondoan. Azaldu dutenez, indarra, erresistentzia, koordinazioa eta oreka bezalako arloak lantzeko aukera ematen dute.
Beneditedek, gaur bertan, azalpenak eman dizkie Euskal Herria plazako makinetara hurbildu direnei. Izan ere, modu egokian erabili behar dira aparatuak. Ostegun goizean toki berean egongo da, 11:30etik 13:00etara. Bihar —asteazkena, hila 26— Andreonen egongo da, 16:30etik 18:00etara.
Ate irekiak
Europako Kirol Astea izanik, Lezoko kirol instalazioek ate irekiak egingo dituzte egunotan. Horrela, Altzate eta Bekoerrotan eskaintzen dituzten jardueren eta instalazioen euren berri izateko aukera izango dute lezoarrek, ordaindu gabe. Hori bai, aldez aurretik izena behar dela ohartarazi dute (jarduerak zeintzuk diren ikusteko,
sakatu hemen).
Ostegun eta ostiralean, berriz, ibilbide osasungarriei buruzko erakusketa jarriko dute kultur aretoan. Ostegunean, ohi bezala, Tipitopa txangoa egingo dute, 10:45ean hasita, Gurutze Santuaren plazatik.