Behin behinean onartu du plenoak 2019ko zergen igoera, oposizioaren iritziaren kontra.
Pasaiako Udalbatza, minutu bateko isilunean, hilketa matxistak salatzeko.
Pasaiak Ahal Du-k proposatutako eta talde guztiek babestutako minutu bateko isilunearekin abiatu zen atzo Pasaiako plenoa.
Hilketa matxistak salatzeko egin zuen koalizio moreak proposamena eta denek begi onez ikusi zuten.
Hortik aurrera, gai zerrendan gai nagusia 2019ko zerga ordenantzak aldatzeko behin behineko proposamena. %2ko igoera proposatzen du gobernu taldeak, eta oposizioa kontra agertu arren, aurrera egin du behin behinean zerga ordenantzaren aldaketa, EAJren eta PSE-EEren botoekin.
“Bidegabea” deritzo Pasaiak Ahal Du-k proposamenari, eta zergen igoera herritarren bizkar jartzea leporatu zion gobernu taldeari.
Oso kritiko baita ere EH Bildu. Beren ekarpenak kontuan ez hartu izana, eta negoziatzeko borondaterik agertu ez izana deitoratu zuen koalizio abertzaleak, eta bereziki deitoratu zuten hainbat ataletako igoera, fokua hondakinen kudeaketan jarrita.
Pasaiako plenoak birziklatzeari dagokionez hartutako konpromisoak gogorarazi zizkion gobernuari EH Bilduk.
Errefusaren kopurua azken agintaldian ia hirukoiztu egin dela eta hondakinen kudeaketarengatik urtero 350.000 euro gehiago ordaintzen dituztela nabarmendu zuten. “Bukatu dira gezurrak. Bukatu dira alkatetzara eraman zintuzten gezurrak” esan zion koalizioko bozeramaile Haritz Perezek Izaskun Gomez alkateari zergen eta tasen igoera deitoratzeko egin zuen interbentzioan.
Erantzuna, baina, EAJrengandik jaso zuen Perezek, Aitor Iturbe ogasun zinegotziaren ahotik: “Gezurrak bukatu direla diozu, eta bistan da ezetz. Igoera %2ko dela diozue, eta ez da egia, PKIaren igoera %2koa delako, eta gure igoera kopuru horren azpitik dagoelako”, ihardetsi zion.
PSE-EEren izenean, Lore Suarezek udal gobernuaren proposamenaren defentsa egin zuen eta oposizioko kideei tasa eta zergen arteko aldea ez ezagutzea leporatu zien, hondakinen tasaren udalaren eskumenekoa ez dela gaineratuz.