Pikoketa Oarsoaldeko Erepublikazaleen Elkarteak jardunaldia antolatu du. Horren barruan, erakusketa eta hitzaldia izango dira datorren astean.
Argazkiak Lekuko erakusketak astelehenean zabalduko ditu ateak. Argazkia: goteo.org
Pikoketa Oarsoaldeko Errepublikazaleen Elkarteak, azken frankismoaren eta trantsizio hasierako errepresio eta inpunitatea argitara aterako du. Ez hori bakarrik, erregimen horren inpunitatearen aurka borrokatu ziren guztiei aitortza ere egin nahi die, eta horretarako, jardunaldiak antolatu ditu datorren astean.
“Memoria historikoaren kontzeptua zabaldu nahi dugu gerratik, edo lehen frankismoan hildakoetatik eta fosetatik harago. Memoria historikoa ere bada Burgosko gerra-kontseilua, 1975eko iraileko exekuzioak, trantsizio politikoa deitu zuten horren lehen urteetan gertatutakoak”, esan dute Pikoketako ordezkariek.
Erakusketa eta hitzaldia antolatu ditu jardunaldien barruan. Erakusketak astelehenean (hilak 1) zabalduko ditu ateak Xenpelar kultur Etxean eta urriaren 6ra arte bisitatzeko aukera izango da 17:00etatik 20:00etara,
Argazkiak lekuko goiburuarekin. 1978ko uztailaren 8an Iruñean izandako gertaera lazgarriak bildu ditu erakusketak 30 argazki ingururekin. German Rodriguez hil zuen Espainiako Polizia Nazionalak jaurtitako bala batek. Erakusketan bildutako argazkiak gertaeraren lekukoak dira, eta Joxe Lacalle, Jorge Nagore, Jesus Mari Peman, Xabi Idoate, Jose Ramon Belzunegi, Serge Baggi, Jaime Morras, Heinz Helbesen, Andres Valentin, eta Conchi Zudairek egindakoak dira.
Bost sumario zabaldu baziren ere, inoiz ez ziren gertaerak ikertu, ezta Iruñeko komisario nagusia Miguel Rubio, edo beste teniente edo arduradunak, eta espedienteak hiru urtean artxibatu zituzten.
Gasteizko gertaerak, 1978ko Sanferminak eta beste asko aztertuko dituzte, 1970ean Burgosko gerra-kontseiluan epaitu zuten Antxon Karrera, eta Josu Txueka historiagileak urriaren 3an (asteazkena) 19:00etan Xenpelar Etxean bertan emango duten hitzaldian.
Frankismoaren krimenen gainean egindako egia eta justizia eskaeren aurrean botere publikoen jarrera “ukatzailea” eta “oztopatzailea” salatu nahi duela bestalde jardunaldiekin erantsi du Pikoketa elkarteak. Horrekin batera errepresaliatuak izan ziren pertsona guztien aitortza ere egin nahi dute, “frankismoaren azken garaia deitu zenean espetxeratu, torturatu, erbesteratu zituzten guztiei aitortza egin nahi diegu. Gogorarazi nahi dugu, Frankismoa amaierara arte diktadura kriminala izan zela”.