Astelehenean, urriaren 1ean, itzuliko dira kalera pentsio duinak eta horiek kudeatzeko euskal sistema publikoa aldarrikatzera.
Astelehenean kaleak hartuko ditu berriro Duintasunak.
Udako oporraldiaren ostean, indarra hartuta borrokarako prest dator berriro Duintasuna Jubilatu eta Pentsiodunen elkartea. Astelehenean, urriaren 1ean, itzuliko dira kalera pentsio duinak eta horiek kudeatzeko euskal sistema publikoa aldarrikatzera. Ez da nolanahiko eguna urriaren 1a. Adineko pertsonen Nazioarteko Eguna da, eta adinekoek gogotik exijituko dute zahartzaro duinerako eskubidea hamaikagarrenez.
Heriko plazan bilduko dira 11:00etan, eta elkarretaratzea eginda, manifestazioa egingo dute ondoren. Hilabete ugari, eta beste hainbeste urte daramate Errenteria-Oreretako kaleak hartzen, eta argi du Duintasunak bidez ez dela ez motza, ez erraza, ezta erosoa izango, baina argi dute beren mobilizazio handiekin lortu dutela “ez zegoen dirua, azaldu da. Horrek guztiak indarra dugula erakutsi digu, eta elkartasunak balio duela dagoen aberastasuna berdintasunez banatzeko, eta inor ere bazterturik ez uzteko”.
Lortutakoa aurrerapauso txikia dela uste du Duintasunak, pentsioak blindatzea du erronka eta urteetan galdutakoa berreskuratzea. Aldarrikapen nagusia ere ez du ahaztu, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.
Gipuzkoan 4.000 pertsona inguruk jasotzen dute gutxieneko pentsioen osagarria, gehienak emakumeak, DSBEn Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren bidez, baina ez dutela igoerarik izan salatu du Duintasunak. Horren harira Eusko Jaurlaritza eta foru aldundiari pentsiodunen elkarteek instituzioetan parte hartzeko aukera izan dezaten tresnak ahalbidetzea galdegin die, “horrela, aukera izango dugu pentsioen sistema publikoa bermatzeko, gure mugimenduaren premiazko eskaerak betearazteko, ezinbestekoa baita pentsioak nahiz bizi baldintzak hobetzeko”.
Argi dio Duintasunak, “arazoa ez da baliabide ekonomikorik ez dagoela, dirua egon badago, nahikoa baino gehiago. Berdintasunez banatu behar da aberastasuna, eta horretarako, gizalegez okatu, gardentasunez eta borondate politikoarekin”.