Hitzaldira gonbidatuek inguruko esperientzia berritzaileak azalduko dituzte.
Lezoko etxebizitza politikarentzat erabilgarri izan daitezkeen esperientziak partekatuko dituzte.
Gaurkotasun handiko gai batekin hasiko da bihar (hilak 11),
Lezo Errotik hitzaldi zikloa: Etxebizitza politika. Hiru lagun gonbidatu dituzte gaia kokatzeko, Irati Mogollon soziologo lezoarra, Itziar Ostolaza Errenteria-Oreretako Gazteria zinegotzia, eta Manex Izagirre, Donostiako Abaraska Etxebizitza Kooperatibako kidea.
Biharko saioak
Gazteen beharretara eta egungo famili ereduetara egokitutako etxebizitza politika du izenburu, eta antolatzaileak zehaztu dutenez, Lezon ideia eta proiektu berriak ezagutarazteko asmoz antolatu dute, beti ere, “Lezon etxebizitza eskubidea bermatze bidean”.
Hitzaldia euskaraz izango da baina itzulpen zerbitzua bermatuko dutela agindu dute antolatzaileek. 19:00etan, kultur aretoan.