Autokontsumorako eguzki plaka fotovoltaikoak jarri ditu udalak Galtzarabordako kiroldegian

Beste hiru inbertsio egin ditu udalak bide horretan, eta horiei esker, urte an 527.418 kwh aurreztuko ditu, eta 125 tona CO2 isurtzea ekidingo du.

Txasko eta Legorburu gaurko agerraldian.

Energia eraginkortasuna eta energia berriztagarriekin duen konpromisoaren barruan urrats berria egin du Errenteriako Udalak. Udan zehar, guztira lau interbentzio egin ditu herriko kirol instalazioetan. 239.231 euroko inbertsioa egin du horretarako, eta interbentzio horiek urtean 527.418 kwh aurreztea, eta epe berean 125 tona CO2 isurtzea ekidingo du. Energiaren Euskal Erakundearen eta Gipuzkoako Foru aldundiaren 183.600 euroko laguntza jaso du udalak.

Gaur eman dute horren berri Jose Cruz Legorburu Ingurumen zinegotziak, eta Jon Txasko Kirol zinegotziak, eta gaineratu dutenez, inbertsio hori egin eta gero, udalak 33.820 euro aurreztuko ditu urtean.

Galtzarabordako kiroldegian autokontsumorako eguzki plaka fotovoltaikoak jarri ditu udalak, “10,05 KWp potentziako instalazio fotovoltaikoa egin du bertan udalak”, azaldu du Txaskok, eta gaineratu du ekoiztutako energia berriztagarria ia bere osotasunean kiroldegian bertan autokontsumituko dela. Datu gehiago ere eman ditu Kirol zinegotziak, besteak beste, halako instalazio baten bizitza erabilgarria 25 urte baino gehiagokoa dela, “diru laguntza kontuan hartuta, hiru urtean amortizatuko dugu inbertsio hori. Beraz, gainontzeko 22 urtetan, praktikan, elektrizitatea doan izango da kiroldegi horretan”.

Eguzki plakak Galtzaraborda Kiroldegiaren teilatuan. Argazkia: Errenteriako Udala

Galtzarabordako kiroldegiko galdara gelaren erregulazio sistema ere aldatu du udalak. Kiroldegi hori dela gas kontsumorik altuena duen udal eraikina azaldu dute, “1.100.000 KWhko gas kontsumoa du”. Erregulazio sistemaren ordez, telegestionatutako erregulazio sistema berria jarri du udalak, “eraginkortasun eta kontrol handiagoa du. galdara gelaren erregulazio egokia eginez gero, energia kontsumoa %10 murriztu daiteke”.

Argiteria ere aldatu du udalak Galtzaraborda kiroldegian eta garajeetan. Zehazki, 214 luminaria fluoreszente ordezkatu ditu LED argiteriarekin kiroldegian, eta aparkalekuetan berriz, 24 orduz funtzionamenduan dauden 166 fluoreszente. Neurri horrekin %60 inguruko energia aurrezkia lortuko dutela zehaztu du Txaskok.

Fanderia Kiroldegian egin du udalak azken inbertsioa. Bertan, klimatizagailu berria jarri dute, “egungoa, doako hozte sistema duenagatik ordezkatu da. Klimatizagailu berriak, gainera, barruan darama hezetasuna kentzeko gailua, eta hezetasuna kentzerakoan beroa errekuperatzen da. Bero hori aprobetxatzeko instalazioa ere eginda”. Neurri horrekin 568 inguruko energia aurreztuko duela udalak Fanderian aurreikusi du.

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend