Hondakinen kudeaketan “arduragabekeria” egotzi dio oposizioak gobernu taldeari

Pasaiak Ahal Du-k eta EH Bilduk elkarrekin erantzun diote gobernu taldearen 65a Helburu planari.

Pasaiako Udal Gobernuaren 65a helburu planak oposizioa asaldatu du. EH Bilduk eta Pasaiak Ahal Du-k Elkarrekin erantzun diote, legealdian lehen aldiz, gobernuari, kritika oso zorrotzak plazaratzeko. Oposizioaren ustez gobernuaren kudeaketa hondakinen esparruan erabat “arduragabea” izan da azken hiru urteetan. Eta hori soilik ez. “Gezurretan” aritzea leporatu diote Izaskun Gomez alkateari, “kanpaina politiko eta pertsonal” baten mesedetan.

65a helburu planaren aurkezpena “gehiegizkoa” izan da oposizioarentzat, eta nabarmendu dute, agintaldi honetan birziklatze tasa %75etik %51era jaitsi dela, “pasaitarren osasuna eta ekonomiaren kaltetan” (birziklatze tasa %56koa dela dio gobernu taldeak).

Eta kalte ekonomikoan jarri dute lupa.  Izan ere,  ohartarazi dutenez, errefusaren kopuruaren handitzeak “hiru urtetan milioi bat eurotik gora xahutzea” ekarri baitu. Oposizioaren arabera, “pasaitarrak urteko 350.000 euro ari dira ordaintzen EAJ eta PSE-EEk eraiki nahi duten errauste planta finantzatzeko”.

Bizkarra emanda

Plana garatzeko orduan kontuan hartu ez dituztelako minduta azaldu  da oposizioa: “Beste behin ere prentsaren bidez jakin dugu planaz” eta “oposizioa baztertu” izana eta “herritarrei bizkar emanda” aritu izana leporatu diete PSE-EE eta EAJri. Oposizioak eskua askotan luzatu duen arren, udal gobernuak akordioetarako bat ere borondaterik ez duela agertu azaldu dute, “gain honetan bezala, beste hainbatetan”.

“Agintaldian zehar egin ez duten guztiarekin orain gogoratzen dira”, kexu dira oposizioko alderdiak, eta, zentzu horretan, EH Bildu eta Pasaiak Ahal Du-k  “2019ko maiatzeko hauteskundeen ondoren ere udalerriaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa” bere egin dute, “Pasaiak merezi duelako”.

 

 

 

 

 

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend