Kolektibotasunetik sortzen

Musika industria hegemonikoari alternatiba eskaintzera dator Mukuru kolektiboa. Musika sortzen dute, eta sorkuntza hori ez dela produktu argi dute. Aurkezpen jaia egingo dute bihar.

Mukuru Kolektiboa osatzen duten kideetako batzuk. Argazkia: Mukuru Kolektiboa

Mukuru kolektiboak aurkezpen jaia egingo du bihar Errenteria-Oreretan. Euskal Herriko herri ezberdinetako musika talde eta bakarlariek osatzen dute Mukuru, «Gipuzkoa, Nafarroa eta baita, hainbatetan hegoaldean zoritxarrez hain gutxi kontuan hartzen ditugun Ipar Euskal Herriko taldeek ere».

Konplizitate eta miresmenak daude kolektibo horren oinarrian, eta esperientziak konpartitzeko gogoa, elkar elikatu eta elkarrengandik ikastea dute helburu. Norberaren musika sortu, grabatu edo zabaltzeko prozesuan egon daitezkeen aukerak hobe ezagutu eta gauzatzeko. Finean, lagunekin beti dela hobea diote, eta horretan ari dira, lagunartean.

Musika bizitzeko modu bat dute kolektiboa osatzen duten kideek, musika industria hegemonikoari alternatiba eskaini nahi diote, eta gizarteratzeko unea heldu zaie orain, Mukuru jendaurrera eramateko momentua, eta horri begira, egun osoko egitaraua atondu dute biharko.
Idoia Hernandez Hatxe errenteriarra kolektiboko kide da. Kolektiboa sortzeko ideia Urretxuko lagun batzuk izan zutela azaldu du: «Artista artean beti sortzen dira sorkuntzaren gaineko galderak, Euskal Herrian sorkuntza zein egoeretan dagoen. Hori musikara ekarrita, musikaren egoeraz hausnartzen aritzen gara. Urretxuko lagun batzuk,  bandak eta bakarlariak elkartzeko gogoarekin zeuden, eta zigilu, kolektibo edo taldea sortzea proposatu ziguten hainbat talde eta bakarlariri. Harremana zuten Elizondoko jendearekin, baita Donibane Garazikoarekin ere».  Aurrera egiteko ez zutela zalantzarik izan esan du, eta horrela sortu zela Mukuru, «argi baitaukagu indarrak batu behar ditugula aurrera egiteko. Kezka berak ditugu».

Mugimendu alternatiboa
11 talde eta bakarlarik osatzen dute kolektiboa eta horietatik hiru dira errenteriarrak: Hatxe, Muskulo eta Nigara Zuek. Oarsoaldea eta Bidasoko beste talderik ez da kolektiboan. Elkartzen dituen irizpide asko dituztela esan du Hatxek, horietako bat musika produktu gisa merkaturatzea ez dutela gogoko: «Gure sorkuntzak horrela manipulatzea ez da interesgarria Mukuru osatzen dugunontzat».

Makrofestibalak ere ez dituzte gustuko, «ez dugu halakoetan parte hartu nahi, ezta Kutxak gure atzean logoa edukitzea ere», eta ekonomia arloa ere kezka sorburu bihurtu zaie: «Guk ere saltzen dugu egiten duguna, nola saldu da gakoa. Irizpide etikoez ari naiz, gu ez goaz kanta arrakastatsu bat sortzera, barru barrutik ateratzen zaigun sorkuntza hori egitera goaz. Bakarlarien artean ez hainbeste, baina Mukuruk barnebiltzen dituen  taldeetan kolektibotasunetik egindako kantak dituzte, ez dute funtzionamendu hierarkikoa, horizontala baizik».

Kultur mugimendu alternatiboei erreparatu die Hatxek. ezinbestekoak dira horiek Mukuru kolektiboa ulertzeko, izan ere bertan bildu direnak harreman estua dute gaztetxeen mugimenduarekin, edo Errenteria-Oreretaren kasuan Mikelazulo elkartearekin, eta horrek ere egiteko eta sortzeko moduan eragina duen zalantzarik ez du Hatxek, «guztiok dugu harremana kultur mugimendu alternatiboekin».

Konplexuez ere mintzo da bakarlari errenteriarra. Izan ere, argi du beren sormenak balioa duela, denbora eta lana eskatzen diela, baina dirua eskatzeak emanaldien truke oraindik ere estutzen dituela aitortu du, «mugimendu alternatiboetan artea denona izan da beti, eta kontraesana eragiten digu kontu horrek, dirua eskatzea edo ez, zenbat… Konplexua badugu, beraz. Oraindik kontu horiek definitzen ari gara».

Kolektiboa hezurmamitzen
Eta bideak luze joko du, kolektiboa ezagutzen eta janzten ari direlako gehienetan bazkari goxoen bueltan, hezurmamitzen, «gauza asko daude airean. Ez dugu egin nahi arau zerrenda itxia eta denak horren barruan mugitzea, politena askatasunean aritzea da. Hala ere, argi dugu, bazkari asko egin behar ditugula oraindik elkarrekin».

Elizondon hasi zuen bidea Mukuruk. Bertan egin zuten lehen bilera ofiziala duela urtebete eskas, eta bidea erraza eta batez ere atsegina izaten ari dela azaldu du Hatxek: «Gustura ari gara, arin, goxo, eta horrek, zalantzarik gabe, bidea errazten du eta atsegin egiten du. Oso polita izaten ari da bidea, laguntasunetik ari garelako egiten».

Konplizitateak
Konplizitateak, gauzak ikusteko modu ezberdinak batzen ditu kolektiboko kideak, eta euren artean miresmena ere badagoela aitortu du Hernandezek, «egiten dugun musika ez da batere ohikoa, ez da komertziala». Horren harira, zorrotz kritikatu du komertziala ez den musika egitea hautatzen duten artisten babesgabetasuna: «Euskal Herrian badira musikariak, zergatik Gaztea irratiak jarri behar du Estatu Batuetako musika zerrenda luze bat? Eta Euskal Herriko musikariak? Inoiz horietako batek, bik edo hiruk halako dimentsioa edota ospea lortzen badute, jarriko dituzte kantak irratian, baina beste guztiez ahaztu egiten dira. Euskal Herrian musikari ugari dago gauza benetan onak egiten dituztenak eremu komertzialetik kanpo».

Horren kontrapuntua, garai batean oparoagoa zen baina  gaur-gaurkoz bizirik jarraitzen duen gaztetxeen sarea dela dio, «bertan antolatzen dira kontzertu ugari, eta talde pila ere badira». Gaztetxe sare hori da, nolabait, musika ez komertziala egiten dutenen sustengua errenteriarraren ustez, eta herrietan sortzen ari diren bestelako sareak ere aipatu ditu: «Egia da hasi direla herrietan kolektiboak sortzen eta udalekin harreman handiagoa izaten jaialdi txikiak-eta antolatzeko. Errenterian bertan madalenetan Indio Rock antolatzen dute urtero, eta Mikelazulo Kultur Elkarteak halakoen zein antzerkiaren aldeko apustu garbia egin du hasieratik, hortik sortu zen eta erreferentea da. Ari da herrietan sortzen sare moduko bat».

Jaialdi berezia
Biharko jaiarekin Mukuruk zer eskainiko duen galdetuta, egun osoko egitarau erakargarria atondu dutela esan du, eta Errenterian izatea, ausazkoa izan dela. Aurretik egin dituzte hiru Mukuru jai, «baina txikiak, Antzuolan, Itsasun (Lapurdi) eta Elizondon (Nafarroa)».
Biharkoa handiagoa izango dela dio, egun osoko jaia, eta Mukuru osatzen duten bakarlari eta talde guztiak izango dira Kaskezur taldea (Nafarroa) izan ezik herriko gune ezberdinetan. Aurkezpen jaialdia izango da,  «aparteko esperientzia», ikusiko delako kolektiboko kideen artean dagoen giroa, «gauza bereziak ikusiko dira, ez ohiko musika».

«Bakoitza bere kabuz dabil musika egiten, berera»

Mukuru kolektiboko emakume bakarra da Idoia Fernandez Hatxe (Errenteria-Orereta, 1988). Musikagilea da bera, eta ez du ahotsik jartzen, pianoa du espresio bide, eta iaz atera zuen argitara lehen diskoa, Lehena.

Buru-belarri dabil biharko aurkezpen jaiarekin «entseatzeko denborarik ere ez dudala izango uste dut», baina labean du hurrengo lana ere. Otsailean izango du prest, baina ez du diskorik aterako, «ez dudalako horretarako dirurik, oso zaila da». Zuzenekoa du helburu bandarekin jantziko duen bigarren lanak.

Idoia Hernandez Hatxe bakarlaria, eta Mukuru kolektiboko kide.

Noiz eta nola hasi zinen musikarekin. Zergatik musikaria?
Errenterian jaio eta hamar urterekin Oiartzunera joan ginen bizitzera. Bertako Ibargain eskolan zazpi urtez aritu nintzen. 18 urterekin karrera ikasten hasi behar nuen eta ez nuen piano karrera egin nahi, beraz, alde batera utzi nuen. Ondoren, 26 urte nituela, Boliviara joan nintzen piano irakasle hiru hilabeterako. Handik bueltan Mikelazulon hasi nintzen lanean, eta berriz ere musikarekin. Partiturarik ez nuen nahi, hori argi nuen.

Eta orain ere hala egiten duzu, partiturarik gabe?
Bai, hala da. Partiturarik ez nuen nahi, musika eskolan dinamika beti bera izaten zen, partitura ikasi, irakurri, jo eta listo. Ez nuen hori egin nahi eta jolasean hasi nintzen. Horrela sortu ziren kantak, partiturarik gabe, denak belarriz. Bere garaian asko landu nuen memorizatzearena eta oraindik ere horretarako kapazitatea dudala ohartu naiz.

Zein musika mota egiten duzu, nolakoa izan zen zure lehen diskoa?
Joan den urtean atera nuen lehen diskoa. Pianoa soilik erabili nuen, ez dut abesten. Kantaren batean Peru Galbeteren kolaborazioa izan dut, berak ahotsa jarri du. Mukuru kolektiboko kide da Galbete ere, eta berarekin kolaborazioak egin izan ditut, eman ditugu kontzertuak elkarrekin.
Melodikoa, minimala, nahiko lasaia dela esango nuke lehen lan hori, intentsitatean halako gorabeherak dituen arren. Oso barrenetik egindako diskoa da,  Mikelazulon, piano zahar batekin sortutako abestiak dira.

Bigarren diskoa prestatzen ari zara orain. Lehenengoaren bidetik joango da?
Otsailerako izan nahi dut prestatuta, baina ez dut diskorik grabatuko, zuzenekoa prestatzen ari naiz, zuzenekoa da helburua bigarren lan honetan, jantziekin, argiekin eta agertokia landuta.
Bandarekin egingo dut oraingoan, hainbat lagunengana jo nuen eta proposatu nien nire konposizioak nirekin jotzeko, eta baiezkoa eman zidaten. Bateria-perkusio jotzailea, biolinista, ahotsa eta ni pianoan arituko gara bigarren lanean.

Diskorik ez duzula aterako esan duzu. Horren arrazoia?
Erraza, ez dudalako horretarako dirurik. Oso zaila da diskoa egitea.

Euskal Herrian musika osasuntsu dago? Zein da egoera zure ikuspuntutik?
Batzuetan badirudi bakoitza bere kabuz dabilela musika egiten, sarea galduta dagoela nolabait, baina asko ez badira ere, badaude gaztetxeak, badago sare bat. Garai batean gehiago izan ziren, baina nik ez nituen ezagutu.Bakoitza berera dabil, bere lokalean, batzuetan musikari edo talde bat baino gehiago dabil lokal berean, baina finean bakoitza berera. Mukuru kolektiboak bilatzen duena da horiek batzea, elkartzea, pilatzea; elkarrekin egotea, elkarrekin abestu nahi dugulako.

Hausnarketa, eta musika nahierara Mukururekin

Musikariak biltzen dira Mukuru kolektiboan, eta bihar musika izango da nagusi antolatu duten egun osoko aurkezpen jaian, baina izango da bestelakorik. Hausnarketak zabalduko du bidea. Goizez, 11:00etan hasita, Musika, zergatik kolektiboki kolektiboan mahai-ingurua egingo dute Bidehuts eta Erraiak musika zigiluek, Musikazuzenean kontzertuen atari digitalak, eta Taupaka sortzaileen elkarteak, Mikelazulon.

18:00etan kontzertuen txanda helduko da. Lehen geltokia, Mikelazulo Kultur Elkartea. Errenteriako Nigara Zuek eta Hatxe bakarlariak arituko dira, Ainiza Monjoloseko (Nafarroa Beherea) Paxkal Irigoyen, Donibane Garaziko Seitan taldea, Urretxuko Isuo ta Kezman, Usurbilgo Peru Galbete, eta Elizondoko (Nafarroa) Iturria. Akustikoak izango dira, eta talde bakoitzak lau-bost pieza eskainiko ditu.

Musika eskaintza ez da horretara mugatuko. Gauean, 22:00etan, Niessen kulturguneak hartuko du Mukuru kolektiboaren aurkezpen jaialdiaren lekukoa. Bertan Urretxuko Txost taldea, Antzuolako Klak!son eta Errenteriako Muskulo izango dira oholtza gainean. Kontzerturako sarrerak bost euroan daude salgai.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend