PSE-EE: “TAO auzian negargarria izaten ari da udalaren jokaera”

Egoera bideratzeko borondaterik ez izatea leporatu dio alderdi sozialistak gobernu taldeari, eta epaitegien ebazpenak ez betetzea.
TAO zerbitzuko langileen protesta atzoko plenoan.

TAO zerbitzuko langileen protesta pleno batean.

Asteartean prentsaurreko bidez jakinarazi zuten TAO zerbitzuko hiru langile ohik berriz ere epaitegietara joko dutela.  Zaintzagatik lan jarduna murriztua zuten, eta epaitegiek horiek berronartzera kondenatu zuten udala. Hala ere, hilaren 5ean berriz ere kaleratu egin zituela salatu zuten.

Agerraldi horren harira, gobernu taldeak gaiaren gainean egin duen kudeaketa “txarra” salatu du prentsa ohar bidez PSE-EEk, eta epaitegiek emandako ebazpenen aurrean duen jokaera deitoratu. Gobernu taldeari gainera, egoera bideratzeko borondaterik ez izatea egotzi dio alderdi sozialistak, “bere erabakiekin langileak, beren familiak eta udala bera serioski kaltetzen ari da gobernu taldea. TAO zerbitzuaren publifikazio prozesuan kezka nagusia langileak zirela esan zuen, baina epaitegietako sententziak heldu direnean ez zela horrela erakutsi du”.

Sententziak ez betetzea “ulergaitza” dela ere esan du: “Horretarako langile hauek egin dezaketen lanik ez dela argudiatu dute, baina bien bitartean, udal lokalak ireki eta ixteko kanpoko enpresak dituzte subkontratatuta”.

Zerbitzuak berreskuratu eta publiko egiteaz hitz egin zuela udalak esan du bestalde, Jose Angel Rodriguez, alderdi sozialistako bozeramaileak, argudio politiko horrekin publifikatu zuten TAO zerbitzua, baina eguneroko dinamika azpikontratazioa du. Gaur gaurkoz egingo zituztela esan zuten publifikazioen planifikaziorik ez dugu. Ziurrenik ez da existituko, eta langile hauek kaleratzeko estrategia bat izango zen guztia”.

Lan munduaren judizializaziora itzuli direla nabarmenduta, egoerak “udaleko diru kutxatik irtengo den diru mordoa” suposatuko duela erantsi du, “dagoeneko auzi honekin indemnizazioetan, abokatuetan, prokuradoreetan gastatu diren 800.000 euroak nabarmen gaindituko dira”.

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend