Handia

Marijo Telletxeak ‘Hitz hartuak’ iritzi zutabean idatzitakoa, HITZAren urriaren 19ko zenbakian.

marijotelletxeaJoan den hilabetean Donostiako Zinemaldia zela-eta zinema, euskal zinema, sariak eta estreinaldiak izan ditugu hizketagai. Testuinguru horretan Handia-k jaso dituen sariez, eta ia-ia Hollywooderako sarrera txartela lortu ere egin duela entzun dugu. Filmak erabat hunkitu gintuen, eta duen edertasunarekin batera hainbat gauza erakutsi ere egin dizkigu.

Zine-aretoetan ematen hasi ziren garaian, jende askori entzun nion arrunt tristea zela pelikula, eta gizon horren bizitza errukarria zela; ez zuen batere bizitza ona izan, miserian bizi izan zen. Orduan bururatu zitzaidan XIX. mendeko Euskal Herri hartan nekazari gehienek bizi zuten pobrezia eta nagusiarekiko mendekotasuna erakusten zuela filmak, eta ez zirela bere garaiko gainontzekoak askoz hobeto biziko; beren garaikideen gosea gorria izango zela, eta errenta ordaintzeko zailtasuna larria; Joakinen eta Martinen bizitza ez zen izango, hortaz, besteena baino gogorragoa. Halere, kontakizunaren bukaera aldera agertzen den anaien arteko harremana hain iruditu zitzaidan hunkigarria, hain ederra bien arteko bat-egitea ― Txikiaren eta Handiaren artekoa―, ezen horrek edozeinen bizitza asetzeko adinako balioa zuela pentsatu bainuen.

Funtsezko kontuen handitasunaren berri ez liguke bere tamainak eman behar. Are gehiago, tamainak tamainaren berri besterik ez du ematen

Alde baikor horrek badu, halere, bere ifrentzua; pelikulan zehar bada gertakizun bat gaur egungo gure egoerarekin zerikusi handia duena, eta gure hizkuntzaren egoera minorizatuaren sustraiak zenbateraino atzetik datozenak diren erakusten duena. Izan ere, Martini Madrilen Joakinen istorioa kontatzea egokitu, eta gazteleraz mintzatzen denean, barregarri geratzen dela ikusten dugu. Zenbat horrelako bizi izan dugun euskal hiztunok! Zenbat lotsa gurea ez den hizkuntzan gurearen arrastoak sumatzen direlako! Koldo Izagirrek dioen bezala, euskaldunok ez dugu aski gazteleraz egitearekin; euskararen doinu, ahoskera, esateko modu eta marka guztiak ezabatzea eskatzen zaigu.

Handitasuna balio positibotzat hartu izan da, eta ez dugu horren inguruan zalantzarik egiteko arrazoi sendorik. Nolanahi ere, iturri txikiek handiek beste kentzen dute egarria, eta funtsezko kontuen handitasunaren berri ez liguke bere tamainak eman behar. Are gehiago, tamainak tamainaren berri besterik ez du ematen.

Gatozen, beraz, Handia filma aitzakia hartuta aipatu nahi nuen bigarren kontu honetara: gure hizkuntzaren egoera eta aurrera egin ezina solasgai hartzen dugunean, berehala esaten zaigu hiztun gutxi dituela, Euskal Herritik kanpo aritzeko ez duela balio, idatzian ez dela ongi ulertzen, gauza gutxi dagoela euskaraz, eta ondorioz, nolabait errentagarriagoa dela hizkuntza handietako hiztun izatea. Badirudi euskararen beraren izaerari leporatzen zaiola gabezia edo gaixotasun sendaezinen bat.

Baina euskara berezko ezintasunarekin bezala lotzen dira, esaterako, gaztelera eta frantsesa berezko ahalmen batekin, eta ondorioz, naturala ikusten dugu haiek gurearen gainean nagusitzea. Hori ez da, inola ere horrela, eta ikusi besterik ez dugu nolako nekeak dituen frantsesak Kanadan, edo gaztelerak Kalifornian.

Kontua da baieztapen horiek egitean txikia izatea eta txikitua egotea nahasten direla, eta ezin atera dugun zurrunbilo batean sartzen garela. Bi adibide ematearren, esan dezagun Ameriketako ketxuera hizkuntzak 8-10 miloi hiztun izanda ere, desagertzeko arrisku gorria duela; islandiera, berriz, erabat osasuntsu dago 300 mila hiztunekin.

Jaun-andreok iturri txikiek eta handiek egarria berdin asetzen duten bezala hizkuntzen tamainak ez du deus ere  esan nahi haien osasunari dagokionez. Ez dago inolako arrazoirik, hizkuntzaz kanpokoa ez bada, hizkuntza bat bestea baino txikiago egiteko. Izan ere, Handia eta Txikia erlatiboak dira.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend