Estereotipoak eranzten

Bizilagunak iniziatiba egingo dute azaroaren 11n bederatzigarrenez. Herritarrak parte hartzera deitu dituzte, "ezagutza delako estereotipoekin amaitzeko gakoa".

Goddi, Carrere, Diaz, eta Mendoza aurkezpenean.

Estereotipoak erantziko dituzte berriro. SOS Arrazakeriak eta beste hainbat elkarte eta eragilek deituta, Bizilagunak iniziatiba egingo dute azaroaren 11n bederatzigarrenez. Iniziatibaren helburua bi familia batzea da, bata atzerritik heldutakoa eta bestea bertakoa. Baten edo bestearen etxean, mahaiaren bueltan, aniztasuna saretzen hastea, atzerritik heldutakoen gaineko aurreiritzi eta estereotipoak apurtzea, elkar ezagutzea. Etorkinek ere ba omen dituzte bertakoen gaineko estereotipoak, eta horiek ere desagerraraztea du helburu Bizilagunakek.

Izena emateko epea zabaldu dutela jakinarazi dute SOS Arrazakeriako Gerar Carrere eta Tina Diazek, Julen Mendoza alkatea eta Samira Goddi Errenteriako Udaleko kultur aniztasuneko, garapenerako lankidetzako eta giza eskubideetako teknikariarekin batera egindako agerraldian. Azaroaren 11n egingo dituzte bazkariak 14:00etan,  izena emateko familiek  658 74 97 56 telefono zenbakira deitu, edota  webgunean dagoen fitxa bete.

Joan den urteko kopuru antzekoak aurreikusi dituzte aurten ere, “18 bazkaritan 36 familiek hartu zuten parte iaz, eta aurten 20 bat bazkari izatea espero dugu”.

Iniziatibarekin bat egitea garrantzitsua dela jendea ezagutzeko azaldu du Carrerek, “askotan eraikin berean bizi gara eta ez dugu elkar ezagutzen. Etorkinen eta bertakoen arteko harremana ez da ematen arrazoi ezberdinegatik, estereotipoak edo bestelako kontuak direla medio. Jendeak elkarri ezagutzeko aukera eskaintzera dator iniziatiba, gainera, norberaren etxean. Euskal Herrian ez gaude ohituta hori egiten, eta garrantzitsua da etxeko ateak zabaltzea beste familiei, hor sortzen delako harremana, harreman oso politak gainera, gure esperientziak erakutsi digunez, eta mantentzen direnak denboran zehar. Jendea zuzenean ezagutzen dugunean, estereotipo horiek askotan beste modu batera ikusten dira, bertakoa etorkina, eta etorkinak bertakoa, zeren eta bi aldeetan daude estereotipoak eta garrantzitsua da, horiek eraistea beste motatako harremana eraikitzeko”.

Ohikoa dela estereotipoak izatea dio SOS Arrazakeriako kideak, “ezagutzen ez dugun pertsona, kolektibo, edota herrialde batengana aurreiritzi batekin iristen gara, eta horrek balio digu aurre ideia bat izateko, denok dugu. Ezin duguna da, errealitate konplexu bat estereotipoetatik aztertu eta ulertu. Pertsona bakoitza berezia da, pertsonak gure artean oso ezberdinak gara, bakoitza bere errealitate konkretuarekin ikusi behar dugu. Iniziatiba hau oso polita da horretarako. Arazo antzekoak ditugu errealitate konkretu batean bizi garen pertsonok gure jatorria dena dela: lana, etxebizitza, seme-alabak”.

Etorkinek denak bezala izan nahi dutela, ez dutela bereziak izan nahi dio Carrerek, “bat gehiago izan nahi dute”.

Bizilagunak Zirkus

Iniziatibak berritasunik badu, eta horren berri ere eman dute antolatzaileek. Urtero bazkarien ostean ekitaldia egin izan dute Donostiak Bizilagunaken parte hartu duten familia guztiak biltzeko. Aurten ere egingo dute, baina berezia izango da eta bazkariak egin aurretik. Hilaren 28an jarri dute zita Gros auzoko Saguesen kokatuko duten zirku karpan. Goizez, 11:30ean hasita, hainbat tailer egingo dituzte plazan, eta ondoren bazkaltzeko aukera izango da eta herrialde ezberdinetako otorduak dastatzekoa.

Arratsaldez helduko da ekitaldi nagusia, 17:00etan karpan bertan. Aurretik, ordea, 16:00etan hasita batukadak Groseko kaleak zeharkatuko ditu.

Batean zein bestean parte hartzera animatu dituzte herritar guztiak, “aurreiritziak eranzteko modua elkar ezagutza baita”.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend