Haziak Eguna egingo dute larunbatean, adierazteko modu ezberdinak daudela argi uzteko
Haziak egitasmoak lehen aldiz antolatu du festa hori, eta egiten dituzten gauzak kalera ateratzea eta ikustaraztea dizango a helburua.
Datorren larunbatean, hilak 27, Haziak Eguna ospatuko dute lehenengo aldiz, Oiartzunen. Haziak proiektuak erakutsi nahi du badaudela adierazpen mota ezberdinak. Horretarako, herriko hainbat eragilek hartuko dute parte egun horretan, hainbat txokotan banatuta. Horien berri eman du Nekane Martiarena Haziak proiektuko kideak: “Hipatiaren Lorategian, eguraldiak laguntzen badu, ipuinekin, Esan ipuinekin txokoa eramango du. Herriko plazan, Esan gorputzarekin, Maitane Toledo hezitzailea egongo da, eta gonbidapen berezi bat egin diegu Mindara elkarteko gure lagunei”. Ez dira toki bakarrak izango izango: Kontzejupe plazan Esan irudiarekin egingo da. 17:00etan hasiko dira, eta 18:30 aldera bukatzea espero dute, udaletxeko areto nagusian. Bertan, sortutakoa edota egindakoa partekatuko dute, kutxa magikoen bitartez. Martiarena bera eta Nora Barroso izango dira txoko horren arduradunak. Denei irekia Haziak egitasmoa, momentu honetan, Oiartzunen martxan dago, baina gainontzeko herrietakoak ere gonbidatu dituzte. “Adin guztietako jendeari eskainita dago, ez haurrei bakarrik. Famili giroan egiteko festa bat da”, zehaztu du Martiarenak. Hala ere, badu beste helbururik: “Botere harremanak denok landu behar ditugu, ez da eskolako kontu bat bakarrik, ez da gauza itxi bat. Denok landu behar dugun zerbait da, botere harremanak iraultzeko. Denek egin behar dugu lana elkarrekin. Nahiz eta txoko ezberdinetan elkartu, denok batera elkarrekin bukatuko dugu, iruditzen zaigulako elkarrekin gauzak hobeto egin daitezkeela. Denok batera indar gehiago dugu botere horri aurre egiteko”. Proiektuan egiten dituzten gauzak erakutsi eta ikustarazi nahi dituzte Haziak Eguna horretan, baita herri giro bat sortzea ere, hurbiltzen direnek elkarren artean ezagutu daitezen. “Adierazpen modu asko daudela ikustea da helburua, eta denak baliagarriak direla. Bakoitzak aukeratzen du zer adierazi nahi duen eta nola adierazi nahi duen”, esan du Martiarenak. Txoko horiek modu ludiko eta parte hartzailean egingo dituzte, eta gidatzen ari diren pertsonak “bidelagun” izango direla ziurtatu du. B plana Astebururako eguraldi txarra eman dute, eta horri aurre egiteko B plana badute Haziak-ekoek. Kontzejupe plazan egin beharrekoa, Abaraxka barrura sartuko gara. Plazakoa, kontzejupean, eta Hipatiaren Lorategikoa Manuel Lekuona bibliotekan.