Pasaiak lehen aldiz hartuko dut parte Eusko Jaurlaritzaren Gazte Enpleguaren programan, udalak zehaztu duenez, 86.000 euroko finantzazioarekin. Lanik gabe dauden gazte pasaitarren kontratazioa bultzatzeko, bost lagun kontratatuko dituzte, errementari eta igeltsero lanak egiteko. Zortzi hilabeteko egun osoko kontratua egingo diete kontratatzen dituzten gazteei.
Udalak azaldu duenez, “planaren helburua da enplegurik ez duten gazteak lanean txertatzea”, prestakuntza izanik ere gazteak enplegua lortzeko zailtasunak izaten dituztela jakinik. Gazteria bereziki zaindu beharra nabarmendu du Izaskun Gomez alkateak, “enplegu ezak gogorren zigortutako sektorea”delakoan, eta nahiz eta enplegu politikak “udalaren eskumenekoak ez diren, udalaren konpromisoa beharrezkoa” dela gaineratu du.
Pasaiako Udalak planaren %30 finantzatuko du, eta gainontzekoa, Eusko Jaurlaritzak, Lanbideren bitartez.
Eskaintza martxan dago jada eta interesdunek Lanbidek Trintxerpeko azokako eraikinean duen bulegora jo behar dute izena ematera. Hilaren 26ra arteko epea dago.
Gazteen hautaketa prozesua Oarsoaldea Garapen Agentziaren esku egongo da.
Langabezia tasa murriztea helburu
Pasaiako Udalak nabarmendu duenez, agintaldi honetan langabezia tasa %4 murriztea lortu dute “udalak enpleguan inbertitzeko egin duen ahaleginarengatik”. Zentzu horretan “bide onetik” doazela iritzi dio Izaskun Gomez alkatea, baina erlaxatzeko margenik ez dagoela gaineratuz: “Eskualdeko erakunde publikoak eta enpresak lankidetzan jarraitu behar dugu, enplegua sutatzeaz gain, kalitateko enplegua bultzatzeko”.
Nabarmendu dutenez “udalak azken lau urteotan 60.000 euro baino gehiago” bideratu ditu enplegua sutatzeko programa espezifikoetara, lan merkatuan txartatzeko zailtasun handiena duten sektoreetan – emakumeak eta iraupen luzeko langabeak tartean- eragin asmoz. Zehaztu dutenez 50 lagunetik gora lortu dute lana epe horretan programa horien bitartez.
Horrez gain, agintaldia bitartean urtero aurrekontuan 135.000 eurotik gora enplegua bultzatzeko iniziatibei bideratu dituztela jakinarazi dute.