Adin simulagailu bat jarri dute herritarren eskura Trintxerpen, AdinBerriren estrategia sozializatzeko aldundiak martxan jarri duen FutureNi kanpainaren barruan.
Maite Peña diputatua, Trintxerpen, adin simulagailuan jantzita zuen gazte batekin hizketan.
Adin simulagailua jarri dute gaur herritarren eskura Trintxerpeko Gudarien Plazan. Betaurrekoak, kaskoak, gerrikoa, eskularru eta bestelako osagarriak…, denak helburu berberarekin: soinean jartzen zituenak 80 urteko pertsona baten azalean sentiaraztea. Zahartzaroan izango ditugun mugak eta menpekotasunak irudikatzen laguntzea. Horixe helburua. Kostata baina animatu da jendea, pixkanaka.
Gipuzkoako Aldundia sustatzen ari den
FutureNi kanpainaren barruko ekintza bat izan da, AdinBerriren estrategia sozializatzeko helburuz sortua. Atzo abiatu zuten sozializazio kanpaina, Tolosan, eta gaur Pasaian egin du bigarren geldialdia. Bertan izan da Maite Peña Gizarte Politikako Foru diputatua.
Adinekoek dituzten mugak norbere azalean bizitzeko aukera eskaintzen du simulagailuak.
Peñak esan duenez , jendartearen zahartzeari era egokian erantzuteko erronka bere gain hartua du aldundiak, eta erronka horri erantzuteko AdinBerri martxan jarri dutela gaineratu du “estrategia integral bat, gizartearen zahartzeari erantzuteko”.
Peñak gaineratu duenez, “denon erronka da gizartearen zahartzeari erantzutea”, eta martxan jarri duten sentsibilizazio kanpaina mezu hori sustatzeko erabiliko dutela gaineratu.
AdinBerrirekin “Gipuzkoan dugun potentzial berritzailea maximizatu” nahi dutela eta berau “zahartze osasuntsuaren alde” jarri nahi dutela gaineratu du Peñak, “ekonomia bultzatuz”.
Egoitza nagusia Hospitalilloa
AdinBerriren egoitza nagusia Pasaian kokatuko dutela gogorarazi du Peñak Gudarien Plazan, eta adinekoen egoitzaren azpialdean eraikiko duten aparkalekua eraikitzen hasi ahal izateko lanak lizitatu dituztela jakinarazi du.
Maite Peñak zehaztu duenez, datorren urtean lanak hasi eta proiektu osoa 2022rako bukatzea aurreikusia dute.
Pasaiako adinekoen egoitzak 120 plaza edukiko ditu, eta horrez gain, 500 metro koadroko espazio bat berrikuntza sustatzeko.