Explosivos Rio Tinto enpresan arnastutako amiantoak eragin diola gaixotasuna aitortu dio Caceresko (Extremadura, Espainia) Gizarte Segurantzak
Amiantoa edo asbestoa.
Amiantoak gaixotutako emakume bati lanerako ezintasun erabatekoa aitortu dio Caceresko (Extremadura, Espainia) gizarte segurantzak. 1969 eta 1982 urteen artean Produktos Aislantes SA, ondoren Explosivos Rio Tinto bihurtu zen Errenteria-Oiartzungo enpresetan produktu toxikoekin lan egiteagatik, biriketako fibrosia, eta disnea sakoneko pneumonia interstiziala ditu 68 urteko Consuelo S.B.k.
Errenterian bizi zen familia, baina Explosivos Rio Tintok bertako enpresa itxi eta langabezia amaituta Trujillora (Caceres, Espainia) joan zen bizitzera familia.
Paisan, beste emakume askok bezala, egindako bakelita piezen bizarrak lixatu eta leundu egiten zituen Consuelok, eta hauts ugariz betetzen zen lan eremua. ASVIAMIE Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkarteak nabarmendu du langileek ez zekitela sustantzia horiek minbizia eragiten zutenik, eta ez zutela erabiltzen arnasketa babes sistemarik, “enpresek segurtasun eta higiene araudia urratzen zuten. Lanerako arropa garbitzera ere derrigortzen zuten. Bidea motel joan da, 11 hilabete eman ditugu prozesuan emakumea ez zegoelako amiantoarekin lan egin duten langile gisa izena emanda, OSALANen laguntzari esker lortu dugu gaixotasun profesionala aitortzea. %52ko elbarritasuna eta lanerako ezintasun erabatekoa aitortu dizkiote Consuelori”.
La plaza de la Musica, amiantoaren historiak kontatzen dituen Juanmi Gutierrez zuzendariaren filmak egin zuen ezagun Paisa. Garai batean Musika plazan zuen eraikina, eta filmaren zuzendariak, bere amak pleura mesotelioma garatu zuela kontatzen du Paisak haizagailutik isurtzen zituen zuntz kantzerigenoengatik. Ordutik etengabe handitu da minbizia edota arnasketa gaixotasunak garatu dituzten langileen zerrenda, “hala ere asko eta asko ziurrenik ezkutuan gelditu dira langile horiek geografikoki mugitu behar izan zutelako lantegia itxi zutenean”, salatu du ASVIAMIEk.
ERCROS SA Paisa, eta Explosivos Rio Tinto enpresen ondorengoa denaren aurka joko du orain emakumeak kalte ordaina eskatzeko, enpresak ez zituelako segurtasun neurriak hartu.
Amiantoak gaixotutako langile kopurua eta eragindako heriotzek gora egin dutela salatu du ASVIAMIEk. 2018an 28 pertsona hil dira arrazoi horregatik, eta horren harira, Paisan zein beste enpresetan 1960 eta 1980 hamarkaden artean amiantoarekin lanean aritu zirenei, bizilekua aldatu badute ere, amiantoarekin lanean aritu diren pertsonen zerrendan sartzea eskatzeko esan die, “osasun behaketa egin diezaieten, erator daitezken gaixotasunak ahalik eta azkarren antzemateko”.
Amiantoarekin lotutako beste albiste bat izan zen Irunen joan den astean. EAEko Justizia Epaitegiaren epai batek ondorioztatu berri du Irungo
CAFen lan egiten zuen Celestino Tolosa, 2008ko maiatzean hila, gaixotasun profesional baten eraginez zendu zela.