Larunbatero bost astez filosofia saioak egingo dituzte Xenpelar Etxean 6 eta 12 urte arteko haur eta gazteei begira.
Etzi egingo dute lehen saioa, eta beste lau astez bilduko dira filosofia saioak egitera.
Jaiotzezkoa omen da jarrera filosofikoa, eta denek omen dute. Hala diote haurrentzako filosofia saioen antolaketaren atzean daudenek, eta antzinako Greziako Plutarkoren hitzak ekarri dituzte gogora, “Garuna ez da bete beharreko ontzia, piztu beharreko lanpara baizik”. Lanparak piztea dute helburu, beraz, haur eta gazteak hausnartzen jartzea: “Ikastea gustatzen zaigu, gauza berriak jakitea, eta ezagutzea maite dugu. Galdera interesgarriz betea dugu burua”. Galdera horiek partekatuta, eguneroko egoerak zalantzan jarri eta mundua beste modu batera pentsatu eta sentitzen saiatuko dira, eta horretarako harrobi filosofikoarengana jo dute, 6 eta 12 urte arteko haur eta gazteengana, horiengana baitaude zuzenduta saio filosofiko horiek.
Sentimenduak, artea, edertasuna, bizitza, identitatea, adiskidetasuna, hizkuntza, unibertsoaren mugak eta askatasuna izango dira besteak beste, saio horietan landuko dituztenak eta lehenengoa ezti izango da, (hilak 3). Ikastaroan parte hartuko duten haur eta gazteei interesatzen zaizkien, kezkatzen dituzten, barruan dituzten eta partekatu nahi dituzten gai guztiek izango dute tartea.
Larunbatetan izango dira saioak, arratsaldez, 17:00etatik 18:30era, Xenpelar Etxean. Zehazki, hilaren 3an, 10ean, 17an, 24an eta abenduaren 1ean. Saioak, berriz, Miren Camison Goienetxea Filosofian lizentziaduna eta magisteritzan diplomatuak, eta Imanol Alvarez Varela Filosofian lizentziaduna eta irakasleak gidatuko dituzte. Jon Martin Etxebeste bertsolari eta sortzailea gonbidatuko dute, bestalde, saioetara. Doakoak izango dira, baina
izena eman behar da aurretik bibliotekan. Taldea osatzeko 10 haur eta gazteko taldea behar da gutxienez, eta 20 gehienez.