Gobernu taldearekin negoziatzeko saiakera egin duela, baina "mara gorriak" ez direla errespetatu azaldu du EAJk.
EAJko Garbiñe Oiarbide, Maite Peña eta Jose Manuel Franco.
Bost emendakin aurkeztu zituen EAJk astearteko plenoan gobernu taldeak proposatutako ordenantza fiskalak moldatzeko. Ez zuten aurrera egin emendakin horiek, ez dutelako nahikoa babesa jaso. Gertatutakoaren gaineko balorazioa egin du orain alderdi jeltzaleak, eta gobernu taldearen ordenantza fiskalen proposamena orekatzeko aukera galdu dela esan du “tamalez”.
Negoziaziorako bidea zabaldu zutela, baina marra gorriak ez zituela errespetatu gobernu taldeak eta horrenbestez, saiakera bertan behera gelditu zela dio alderdi jeltzaleak: “Tasetan %1eko igoerak zailtasun ekonomiko handiena duten familiei eragitea ekiditeko proposamenak izan dira gure marra gorria. Zergetan egindako emendakinekin akordioa lortu bazen ere, udal gobernuak eskatutako aldaketa batzuekin, tasen inguruan EH Bildu eta Errenteria Irabazizek ezinbestekotzat jo zuten diru sarrera urriak dituzten familientzako jeltzaleek eskatutako salbuespenak erretiratzea. Puntu horretan amaitu zen negoziazioa. Ez dugu ulertzen egoera larriena duten familiak laguntzeko proposamenak izatea adostasun batera iristeko puntu gaindiezina “.
EAJk bost emendakinak mantendu eta puntuz puntu bozkatzeko eskatu zuen. Bat berak ere ez zuen aurrera egin, eta horren aurrean esan du ulergaitza zaiola EH Bildu eta Errenteria Irabazizek Bizigune programan sartzeko hobariak ondo ikusten zituztela esan arren, emendakin horren kontra bozkatu izana.
Aukera bat galdu dela erantsi du EAJk, “baina ezin genuen marra gorri hori gainditu eta %1eko igoerak egoera larrienean dauden familiengan izango duen eragina ekiditeko aurkeztu genituen emendakinak atzera bota”. Proposamenak “egingarriak eta eraikitzaileak” zirela esan du azkenik, “baita negoziaketarako gure borondatea ere, baina gobernu taldearen dena ala ezer ez jarrera horrekin ez da posible izan akordio batera iristea”.