Udaleko ordezkariek eskaera guztiak aztertu ostean, atzoko udalbatzan banan-banan erantzun zituzten.
Atzoko Eskolako Agenda 21en foroan ikasle ugari bildu ziren.
Joan den ikasturtean, Lezoko ikastetxeetako ikasleek eskola eremuan zein herrian bertan zarata gutxitzeko hartutako zenbait konpromiso aurkeztu zituzten udalean. Atzo jaso zuten gazteek udalaren erantzuna, Eskola Agenda 21 programaren foroan hain zuzen ere. Errespetuz eta doinu egokian hitz egiten saiatzea, ikasleak gelan daudenean ez oihukatzea, baxuago mintzatzea, hitz egiten ari dena entzuteko eta hitz egiteko txandak errespetatzea eta musika doinu egokian jartzea. Horiek izan ziren iaz gazteek definitutako konpromisoak, besteak beste.
Udaleko ordezkariek konpromiso guztiak aztertu ostean, atzoko udalbatzan banan-banan erantzun zituzten. Eta hala, udalak konpromiso horien harira zenbait erabaki hartu ditu:
- Aurten Zarataren Ekintza plana onartzea aurreikusten da. Bertan hainbat ekintza jasotzen dira zarataren egoera hobetzeko herrian.
- Zarataren Udal ordenantza idaztea.
- Zarataren gaiaren inguruan herritarrak eta bestelakoak sentikortzeko komunikazio ekintza aurrera eramatea (webgunean informazioa zintzilikatu, sentsibilizazioa, etab.).
- Beste erakundeekin elkarlanean aritzea, errepideak, trenbideak eta Portuak sortzen dituzten zaratak murrizteko.
- Ekitaldien ordutegiak kontrolatzen dira.
Aurtengoa herriko ikastetxeek Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen duten hamaikagarren urtea da. Hasieratik, ura, energia, hondakinak, mugikortasuna, biodibertsitatea, kontsumo arduratsua, zarata eta elikadura bezalako gaiak aztertu dituzte. Udaleko ordezkariek atzoko bilkuran jakinarazi zuenez, datorren urteari begira klima aldaketa lantzea erabaki dute ikastetxeek, hori izango da hurrengo erronka. 2019ko maiatzean berriz udalaren erantzuna jasoko dute.