Julen Mendoza: “Kezkagarria da Legebiltzarraren urgentziazko planaren irismena eta edukia”

julen.mendoza

Julen Mendoza.

Eusko Legebiltzarrak asteazkenean aurkeztu zuen Oarsoaldea eta Ezkerraldea (Bizkaian) eskualdeetarako urgentziazko plana. Bi eskualdeen biziberritzean eta ekonomian eragiteko plana dela adierazi zuten. Planaren xedea, hau da, Oarsoaldearen aldeko apustua egitea, ontzat ematen du Julen Mendoza Errenteriako alkateak. Baina gabeziak antzeman ditu. Batez ere, plan horren irismenean eta edukian. Zehaztu du plan horretan hainbat administrazio egun egiten ari diren esku hartzeak jaso direla “ia ez dute ahalegin berezirik egin aurrekontuan Oarsoalderako urgentziazko plan horren harira”.

Oarsoaldeak, bertako garapen agentziaren bidez, datozen urteetarako plan estrategikoa onartu du. Bertan jasota dago eskualdearen garapenerako giltzetako bat industria garapena dela, arlo horretan gabeziak daudelako eta estrategikoa delako garapen sozioekonomikorako sektore hori indartzea. “Plan honek, jarduera logistikoaren aldeko apustua egiteaz gain, ez du biltzen industria jarduerarik edo ez dio behar bezainbesteko garrantzirik ematen, ez eta eskualdeak ildo horretan proposatutako beste hainbat proiekturi ere. Eskualde honetarako soilik jarduera logistikoa proposatzen bada, zail sortuko da enplegua, kalitatezko enplegua, eta enplegua beharrezkoa da eskualde honek behingoz aukera izan dezan adierazle ekonomikoak aldatzeko”, esan du Mendozak.

Eskualdeak industria aurreratua behar duela zehaztu du, eta bide horretan Don Bosco eta Tknika zentroak erreferentzia direla adierazi du.

Plan hori zerbaiten abiapuntu izan daitekeela uste du Errenteriako alkateak, “Oarsoalderako konponbide estrukturalak bilatzeko prozesuaren abiapuntu gisa”. Eta urgentzia planean azaltzen diren gabeziak berbideratzeko eta eskualdearen garapenerako garrantzitsuak diren industriako eta berrikuntzako proiektuak bilatzeko atea zabal dezakeela nabarmendu du: “Ziur nago erakundeak bide horretan aurrera egiteko prest daudela”.

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend