Trenbidea noiz lurperatu zain

Pasaiako Udalak Antxoko topoaren zubibidea konponduko du; gaiak eztabaida piztu du, EuskoTreneko geltokia Altza eta Galtzarabordarekin lurpetik lotzeko proiektua tartean

Pasai Antxon trenbideak barrutia alderik alde zeharkatzen du, eta etxebizitzetatik oso gertu igarotzen da; lurperatzean geltokia Zumardiaren azpialdean egongo da.

Pasaiako Udalak lizitaziora atera ditu Antxoko EuskoTreneko zubibidea konpontzeko lanak. Berria zeresana ematen ari da, aspalditik, denen ahotan delako Pasai Antxo alderik alde zeharkatzen duen trenbidea lurperatzekoak direla, Altzako geltoki berriarekin eta Galtzarabordakoarekin lotzeko.

Edonola ere, zubibidea konpontzeko proiektua «ez dela berria» adierazi du Pasaiako alkate Izaskun Gomezek, lanak udalak eta aldundiak Pasaiaren biziberritzerako duten 2018ko hitzarmenean aurreikusita daudela gaineratuz.

225.075 eurokoa da zubibidea konpontzeko lanen aurrekontua, «hasieran aurreikusitakoa baino diru kantitate handiagoa», alkatearen esanetan. Aldundiak hasierako aurrekontuan jasotako kantitatearen %85 finantzatuko du, eta gainontzekoa udalaren kargu egingo da. Hala izaten da biziberritzerako hitzarmenean aurreikusitako jarduera guztietan.

Alkateak azaldu duenez, biaduktuaren hiru arku berriztatuko dituzte: Zumalakarregi kalekoa, Hamarretxetakoa eta Gelasio Aranburu kalekoa. Azken  honetan hareharria berreskuratzeko lanak egingo dituztela azaldu du Izaskun Gomezek, aurrez egin zituzten garbiketa lanei jarraipena eman asmoz.
Hamarretxeta eta Zumalakarregi kaleko arkuetan, berriz, konponketa lanak sakonagoak izango dira. Oso egoera kaskarrean daude, hezetasuna sartu egiten da eta trenak isurtzen duen ura espaloietaraino erortzen da, itogin ia etengabeetan.

Horregatik, estaldura berezi bat jarriko diete arkuei, ura filtra ez dadin, eta estaldura horiek  «detaile bisual batzuk» izango dituzte, «detaile koloretsuak, ikuspuntuaren arabera figurak modu batera edo bestera ikusteko aukera emango duen amarru moduko batzuekin». Konponketa lan soil batetik harago, «ingurua edertzeko» ahalegina egingo dute, «kontuan hartuta aipatutako bi arkuak herriko erdigunean daudela».

Lanen lehen lizitaziora ez da enpresarik aurkeztu, eta bigarren aldiz atera behar izan dituzte lanak lehiaketara. Kontratazio mahaia azaroaren 7an dute. Konponketa lanek abenduaren hasierarako martxan beharko lukete, baina lehen lizitazioa huts geratu denez litekeena atzeratzea dela ohartarazi du alkateak.

Edertasuna eskubide
Antxoko trenbidearen lurperatzeak denboran luze joko duela uste du Izaskun Gomezek, eta data batzuk ere zehaztu ditu: «Trenbidearen lurperatzea ez da hasiko 2021. urtea baino lehen. Gainera oso obra handia da, eta oraindik ez dakigu zein epez ari garen, baina luze joko duten lanak izango dira. Ez dira hilabete edo bi hilabetean egingo diren lanak, ezta ziurrenik urtebeteko epean ere».

Orain konponduko duten zubibidea eraisteko lanak, gainera, egiten azkenak liratekeela nabarmendu du Gomezek, trenbidea lurperatzea erabat bukatu aurretik oraingo trenbideak martxan beharko duelako.

Udalak konponduko duen arkuetako bat, Hamarretxeta kalean.

«Aukerarik baikorrenean lan horiek 2021. urtean» hasiko liratekeela uste du alkateak, eta lurperatze lanak bukatzeko «2023. urtera arte itxaron beharko genuke gutxienez, lanak bukatu eta gerora zubibidea eraisteko».

«Urte asko dira», baietsi du alkateak, eta galderak ere plazaratu ditu: «Antxotarrok ordura arte  gaur egun dugun irudiarekin bizi behar dugu? Ez dugu Antxoko erdialdean irudi dezente, eder eta diferente bat izateko eskubiderik?»; antxotarren «edertasunerako eskubidea» aldarrikatu du alkateak.
Izaskun Gomezek esan duenez, trenbidearen lurperatzea datorren urterako aurreikusita balego, «aberrazioa litzateke lanak egitea», baina inbertsioa justifikatua dagoela uste du, «kontuan hartuta lan hauek izaten ari diren zailtasun ekonomikoak, eta zergatik ez esan, konpromiso falta, zergatik jarraitu behar dugu antxotarrok herriaren erdialdearen irudi hain penagarri batekin?».

Lanen arduraz
Antxoko trenbidearen zubibidea Eusko Trenbide Sarearena da, eta berea da, berez, biaduktuaren mantentze lanen ardura. Pasaiako alkateari gaiaz galdetuta argi mintzo da: «Lan hauek Eusko Jaurlaritzak egin beharko lituzke, baina ez ditu egiten, eta belarritik tira eta gorritu beharko litzateke. Baina honekin herri honetan maiz errepikatzen den arazoarekin egiten dugu topo. Ondartxoko pasealekua zergatik finantzatzen du aldundiak Portuarena baldin bada?».

Ildo horretatik doaz, besteak beste, oposizioaren kritikak. Pasaiako EH Bilduren arabera, zubibidea konpontzeko lanak «hauteskundeen bezperatako beste adabaki bat baino ez» dira.

EH Bilduren bozeramaile Migel Mari Torreak gogorarazi duenez, berak ordezkatzen duen koalizioak mozio bat aurkeztu zuen duela ez asko, topoa lurperatzearen alde, eta Donostiako igarobideari Altza-Antxo-Galtzaraborda trenbidearen zatia lehenesteko eskatuz.

Torreak gogorarazi du 70 milioi euroko aurrekontua duen obra proiektua idatzita dagoela, eta berez, lurperatze lanak «sine die atzeratu» izan ez balira, datorren urtean hasi beharko liratekeela. «Bai alkatea, bai gobernu honek gure mozioaren kontra bozkatu zuten», kexatu da Torrea, eta kontrako boto hura «akabua» izan zela gaineratu du.

Gaur-gaurkoz, biaduktua puntu iluna da Antxoko barrutian.

«Lurperatzea atzeratu eta gainera Jaurlaritzak abandonatua izan duen biaduktua orain gure diruarekin ordaindu behar dugu», kexu da EH Bilduren bozeramailea. «Egoera txarrean dagoena konpondu beharra dago, argi dago, baina Eusko Trenbide Sareak berea den azpiegituraren konponketaren kargu egin beharko luke. Gobernu honek ez du borrokatu lurperatzea lehenesteko, ezta mantenua dagokionak egin dezan».

Antzera Pasaiak Ahal Du. «Topoa lurperatzea» izan beharko luke, koalizio morearen bozeramaile Nerea Gonzalezen ustez,   «lehentasuna», baina ez dute uste proiektua udal gobernuaren premiazko egitekoen artean dagoenik: «Kontuan hartuta lan hauetan inbertitu behar duten dirua, 220.0000 euro, gure ustez lurperatzea ez da Pasaiako gobernu taldearen lehentasuna».

Bide beretik, mantentze lanak Eusko Jaurlaritzak egin beharko lituzkeela defendatu du Pasaiak Ahal Du-k: «Lan hauek Eusko Jaurlaritzari dagozkio, baina gaindimentsionatuta dauden eta beharrezkoak ez diren lanak dituzte entretenigarri».

Eraitsi edo mantendu?
Gaiaren gainean oraingoz ezer erabakita ez dagoen arren, zubibidea etorkizunean eraisteko asmoa aipatu izan da orain baino lehen. Izaskun Gomez alkatearen iritziz, ordea, konponketa lan hauek eztabaida plazaratzeko aukera eskaini dezakete: «Ez da derrigorrez hala izan behar, baina zubibidea konponduta,  polita geratuz gero, eztabaida genezake, botatzea merezi duen edo zutik mantendu dezakegun, azken finean antxotar guztiak oso gurea dugun sinbolo bat delako. Denok identifikatzen gara berarekin».

Bide horretan, garai batean egon zen proiektu bat ekarri du gogora alkateak, biaduktuaren azpialdean lokalak atontzea proposatzen zuena.
Gaiaz oposizioari galdetuta, eraistearen aldeko jarrera gailentzen da, ñabardurekin. EH Bilduren arabera, «printzipioz egokiagoa litzake botatzea», baina «halako azterketa batera irekiak» agertu dira. «Parte hartze prozesu baten bitartez antxotarrek erabakiko balute, zergatik ez?», adierazi du Torreak. Dena den, «orain borrokatu behar dena trenbidearen lurperatzea»  dela ohartarazi du koalizio abertzalearen ordezkariak.

Pasaiak Ahal Du-k, bere aldetik, zubibidea botatzea nahiago du, barrutiko «puntu ilunak  saihesteko» eta «zubibiderik gabe Antxok asko hobetuko lukeela» erabat sinetsita.

Hamaika aldarri biltzen dituen egitasmoa

Donostiako pasante polemikoaren eraikuntza lanek eragin dute Altza-Antxo-Galtzaraborda trenbide zatiaren berritzearen atzeratzea; Pasaiak bezala Errenteriak ere lurpetik nahi du trenbidea

Pasabide duina aldarrikatzen dute Gaztaño auzoko bizilagunek.

Argudio sorta zabala erabili izan da Altza-Antxo-Galtzaraborda trenbide zatia Donostiako pasantea izenez ezagunari lehenestea eskatzeko, baina orain artean behintzat, alferrik izan da eta proiektuak, gaur- gaurkoz, ez du datarik ez eta finantzaziorik ere.

70 milioi euroko aurrekontua du Altza-Antxo-Galtzarabordarako proiektuak; eta 200 milioikoa Donostiakoak; horrez gain, Oarsoaldeari eragiten dion proiektuak Altzako geltoki berriaren zerbitzua hobetu egingo luke, altzatarrek Pasaia aldera  jarraitzeko tren aldaketa egin  behar dutelako egun, Herreran zortzi minutuko itxaronaldiarekin. Burdinbide berria eraikitzen dutenean, ordea, Altzako geltokia trenbide bikoitzeko igarobide bilakatuko litzakete,  maiztasuna parekatuz bi norabideetan.

Gainera, jende askok Donostiako proiektua beharrezkoa ez dela uste duen bitartean, Altza-Antxo-Galtzaraborda premiaz itxaroten den egitasmoa da. Easotik Kontxara arteko bidea oinez zazpi minutuan egin daitekeen bitartean, Antxon, etxebizitzak trenbidetik 50 zentimetrora daudela nabarmendu izan duten eskualdeko proiektua lehenestearen aldekoek, zerbitzuak herritar kopuru askoz handiago baten beharrei erantzungo diola gaineratuz.

Errenterian ere zain
Akaso ez hain gertu, baina Errenteria-Oreretan ere etxebizitzetatik distantzia oso txikira igarotzen da trenbidea hainbat tokitan. Horregatik, Errenteriako Udalaren aspaldiko eskaria da herri erdialdean EuskoTrenek ibilbidea lur azpitik egitea. Donostiako Zatikako Planari helegitea aurkeztu zion Errenteriako Udalak 2011n, horixe eskatzeko.

Beste aspaldiko aldarria, Errenteria-Oreretako Gaztañoko auzo elkartearena. «Pasabide duina» eskatzen diote EuskoTreneri, erdialdetik auzora sartzeko ezinbestean zeharkatu behar dutelako burdinbidea, maiz salatu dutenez, «oztopo ugari gaindituta». Arriskutsua ez ezik, zaila da zeharkatzea haurren aulkiekin edota erosketen orgatxoekin, besteak beste.

Geltokiko bi nasen artean pasabide egoki bat eskatzen dute, geltoki barruan dagoenaren antzekoa. Oraingoz, baina, EuskoTren entzungor.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend