Ikuskizun solidarioa egingo dute Pupu eta Lore pailazoek ADEMGIren alde igandean.
ADEMGIren aldeko emanaldia aurkeztu dute Ugartemendia, Collar eta Barriolak.
Esklerosi anizkoitzak dituen sintomak eta eraginak, gaixotasunaren ezaugarriak azaltzea eta gizarteratzea, azken batean aurpegia jartzea du helburu
ADEMGI Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteak. Baina ez hori bakarrik, gaixotasuna duten pertsonei errehabilitazioa eskaini ahal izateko bitarteko ekonomikoak lortu nahi ditu igandean (hilak 11) Niessen kulturgunean
Katxiporreta ea Errenteriako Udalarekin elkarlanean antolatu duen ikuskizunaren bidez.
Gaur aurkeztu dute ikuskizuna Jon Barriola ADEMGIko kideak, Atziber Ugartemendia Katxiporretako ordezkariak, eta Ion Collar Kultura zinegotziak. Eskerrak eman dizkio Barriolak Errenteriako Udalari emanaldia egiteko emandako erraztasunak eta laguntzagatik, baita Katxiporretari ere urte luzeetan bidelagun izateagatik. Gaixotasuna zer den azaltzea erronka duela elkarteak nabarmendu, baita bitarteko ekonomikoak lortzea gaixotasuna duten pertsonen bizi kalitatean eragiteko ere: “Erakunde publikoen laguntza izaten dugu, baina ez da ahikoa izaten, eta esklerosi anizkoitza duten pertsonei errehabilitazioa eskaintzeko, adibidez, bitartekoak behar izaten ditugu”.
Bitarteko horiekin, logopeda zerbitzua eta fisioterapeuta eskaintzen dizkiete gaixoei ADEMGI elkartean. Ezinbestekoak dituzte esklerosi anizkoitza duten gaixoek halako zerbitzuak egunerokoa errazagoa egiteko. Igandeko ikuskizunari bi erronka horiei erantzuten saiatuko dira, beraz.
Solidarioa da emanaldia eta ez dute kale egingo aurten ere Pupu eta Lorek. Katxiporreta familiako txikienek hartuko dute Niessen Kulturguneko agertokia
Euri tanta banintz ikuskizunarekin. Pupu eta Lore amona Josefinaren ganbarara igo eta arropa eta mozorroak bilduko dituztela azaldu du Ugartemendiak, jolasean ibiltzeko, eta Xabier Zabalak musikatu zituen Joxean Ormazabalen olerkiekin dantzan ibiliko direla, “abesti oso politak, zoragarriak eta parte hartzaileak izango dira. Eskerrak eman nahi dizkiogu ADEMGI elkarteari guretzat plazera delako halako elkarte batekin elkarlanean aritzea. Denok dugu zer egin”.
Ekitaldi polita izango den zalantzarik ez duela esan du Collarrek, eta harago joan da, “balio erantsia du: azalaraztea esklerosi anizkoitzaren errealitatea eta gaixoen beharrak”. Jaia Errenterian egitea ohorea dela udalarentzat erantsi du kultura zinegotziak, “horrek gure herria solidarioa dela erakusten duelako”. Elkarlana jarri du erdigunean, elkarteen artekoa zein instituzioekin egiten dena, “ezinbestekoa delako”.
41 gaixo Oarsoaldean
Esklerosi anizkoitzak Oarsoaldeko herrietako 41 pertsonei eragiten die Barriolak azaldu duenez, eta Errenteria-Oreretako 27ri. Gipuzkoa osoan berriz, 800 pertsonek dute gaixotasun hori. Espainiako Estatuan, bost ordutik behin kasu berri bat diagnostikatzen da. Esklerosi anizkoitza bereziki gazte helduei eragiten dien gaixotasun neurologikoa da, kronikoa eta progresiboa da, batez ere, 18eta 35 urte arteko pertsonei eragiten die, eta emakume aurpegia duela esan daiteke, diagnostikatzen diren 3 kasutik bitan emakumeak direlako gaixoak.
Gaixotasun hau duten lagunek bizitza osoan zehar zaintza batzuk behar dituzte, eta horretarako oso garrantzitsuak dira ADEMGIk eskaintzen dituen zerbitzuak, batez ere errehabilitazioa, beraien autonomia ahalik eta gehien mantentzen laguntzeko. Igandeko emanaldia, zehazki, errehabilitazio zerbitzu hori finantzatzeko antolatu dute.
Elkartea lanean hasi zenetik egoera aldatu dela aitortu du Barriolak, “zorionez hobea”. Egia da gaixotasunak ez duela oraindik sendagairik, baina diagnostikoa “goiztiarra”dela nabarmendu du, “askoz ere lehenago detektatzen da gaixotasuna”. Gaur egun gainera, esklerosi anizkoitzaren gainean asko ikertzen dela aitortu du eta aurreratu ere egin dela. Aurreratu bai, baina oraindik ere laguntza biltzen jarraitu behar dute esklerosi anizkoitza duten pertsonei bizitza kalitate bat eskaintzeko eta beren autonomia ahalik eta gehien mantentzeko, eta horretarako, Niessen kulturgunea betetzea ezinbesteko dute igandean. Sarrerak dagoeneko salgai dira 7 euroan Niessen Kulturguneko leihatilan.