Dokumentalaren egileak, senideen bozeramailearekin, Juanba Berasategi kulturgunean, Donibanen dokumentala aurkeztu zuten egunean.
Pasaiako Badia estreinatu zutenetik urtebete igaro denean dokumentalaren egileek bertsio guztiak Interneten ikusgai daudela jakinarazi dute. Euskarazko bertsioa
EITBren webgunean ikus daiteke, eta gaztelerazko, ingelesezko eta frantsesezko bertsioak, berriz,
Oinatzak Produkzioak-en youtubeko kanalean. Horrez gain, laster, dokumentalari alemanezko azpidatziak gehituko dizkiotela jakinarazi dute.
Kontent daude dokumentalaren sustatzaileek lanak izan duen harrerarekin. Zehaztu dutenez, iaz 60 proiekzio baino gehiago eskaini zituzten. Euskal Herritik kanpo ere erakutsi dute lana, besteak beste Herrialde Katalanetan, Madrilen edota Andaluzian, eta oraindik ere erakusten ari dira: hilaren 15 eta 16an Madrileko bi aretotan eskainiko dute dokumentala, eta hilaren 27an, berriz, Berlinen.
Bereziki pozik ere beren lanak ETB1ean eman zutenean lortutako audientzia indizearekin, ohiko audientzia datuak bikoiztea lortu zutela nabarmenduta.
Oinatzak Produkzioak-eko kideek gogoratu dutenez,
Pasaiako Badia dokumentalak 1984ko martxoaren 22an Pasaian jazotako gertaerak gizarteratzeko helburuz ekoiztutako lana izan da. Gertaerak ezagutarazteko lan handia egin den arren, oraindik ere “asko” dagoela egiteko ohartarazi dute, oraindik ere justiziarik ez delako egin eta hilketen errekonozimendu ofizialik ez delako egon.