[Galeria] Irisgarriagoa da gaurtik Errenteria

Urdaburu kalea, Murumendi kalea eta Jaizkibel kalearekin lotzen dituen igogailua inauguratu du udalak gaur.

Gaur inauguratu dute Urdaburu kalea eta Jaizkibel kalea lotu dituen igogailua. Mendoza azalpenak ematen.

Irisgarriagoa da Galtzaraborda auzoa gaurtik. Urdaburu kalea, Murumendi eta Jaizkibel kaleekin lotu dituen igogailua martxan da dagoeneko. Gaur inauguratu dute Julen Mendoza alkateak, Bernar Lemos Hirigintza zinegotziak, eta bertaratu diren Galtzarabordako jubilatuen egoitzako eta auzo elkarteko hainbat ordezkarik, eta bizilagunek. Urdaburu kalea Beraungo anbulatorioarekin eta igerilekuekin lotuko du aurrerantzean igogailuak, eta Galtzarabordako bizilagunen joan etorriak eta egunerokoa zinez erraztuko du.

Mendozaren hitzetan Galtzarabordako ardatza indartuko du igogailu berriak: “625.000 euroko inbertsioa egin da igogailua egi bihurtzeko, eta bost hilabete iraun dute exekuzio lanek. Interbentzioa oso garrantzitsua da anbulatorioa eta igerilekuen inguruan, eta gainera, aparkalekuak sortuko ditu”.

Igogailu berriaren lanak egiteko udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso duela zehaztu du alkateak.

2011 urtetik igogailuetan 6.000.000 euroko inbertsioa egin dela nabarmendu du Mendozak, eta erantsi du Galtzarabordako ardatza dela, Apeadero-Parke eta Parke-Urdaburu, gehien erabiltzen dena. Jubilatuen egoitzaren parean dago igogailu berria, eta horren ingurua interbentzioa egingo du udalak gunea berrurbanizatzeko, “Urdaburu kalean dagoen gunea aberastuko da, irisgarritasuna hobetuz, eta zazpi aparkaleku mantenduz”.

Jaizkibel kalean, erdian oinezkoentzako pasabidea izango duen biribilgunea egingo du udalak orain, “aldatu egingo da gaur egun dagoen egitura, zuzenean beste aldera pasa ahal izateko”. Lan horiek 2019ko lehen hilabeteetan hasiko ditu udalak, 223.000 euro inbertituko du, eta hiru hilabete beharko dituzte amaitzeko. Horrekin batera, Beraunerako norabidean zein anbulatoriorako norabidean aparkaleku kopuru esanguratsua sortuko dute, autoak bertatik motelago joateko errepidea estutuko dutelako.

Bizilagunek pozik hartu dute igogailua eta auzoaren izenean eskerrak eman dituzte: “Auzo honetan jende heldu asko dago eta geroz eta zailagoa zaigu batetik bestera joatea. Pozgarria da, denbora eman dugu eskatzen irisgarritasuna bermatuko zuen igogailua, eta azkenean hemen dugu”.

Hurrengoa, Beraungoa

Beraun auzoko igogailua da orain udalaren hurrengo erroka. 700.000 euroko inbertsioa egingo du udalak lanak egiteko eta 219an hasiko dira lanak. Mendozak azaldu duenez, proiektua egiten ari dira, lau hilabete beharko dira horretarako, eta ondoren lizitaziora aterako dute, “2019ko erdialdean lanak hasiko dira dena ondo bidean”.

Herri konektatu eta irisgarriago bat sortzea zela Errenteria 2025 Plan Estrategikoaren erronketako bat nabarmendu du Mendozak, “hortik abiatuta Mugikortasun Planari bultzada garrantzitsua eman zitzaion”. Horren harira, 2011tik aurrera sei igogailu eraiki dituzte: Apeadero kalea-Parke kalea (2011); Parke kalea-Urdaburu kalea (2012); Resurreccion Maria Azkue-Markola (2012); Basanoaga-Telefonika (2013); Alaberga (2017); Urdaburu kalea-Murumendi kalea-Jaizkibel kalea (2018). Auzoak elkarrengandik hurbilago izatea dela helburua esan du Mendozak, “baina batez ere pertsonen mugikortasuna hobetzea, beren desplazamenduak erraz eta modu erosoan egin ditzaten”.

 

 

 

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend