Herritarren gogobetetzea ezagutzeko azterlana egin du udalak

600 herritarrei inkesta egin diete hainbat proiektu eta zerbitzuren gaineko iritzia ezagutzeko, eta gaur emaitzak aurkeztu dituzte.

Collar eta Gracia gaur agerraldian azterlana aurkezten.

Herritarren iritzia jakin nahi du udalak. Hainbat zerbitzu eta proiekturen gainean errenteriarrek duten gogobetetzea ezagutu, eta horretarako, azterlana egin du. Ekainaren 21a eta uztailaren 13a bitartean 18 urtetik gorako 600 errenteriarrei galdetegia egin zieten, kontuan hartuta  sexua eta adin tarte ezberdinak, populazio piramideari erreparatuta, eta herriko egoera orokorra, udal gobernua, hainbat zerbitzu eta proiektu, jarduera fisikoa, kultur eta kirol instalazio eta komunikazioari buruz galdetu.

Azterlan horren emaitzak gaur ezagutarazi ditu udalak, baita herritar ororen eskura jarri Gardentasunaren Atarian. Oposizioko alderdiei ere helarazi diete azterlana.  Eñaut Gracia Informazioaren Gizarte eta Herritarren Parte Hartzeko zinegotziak, eta Ion Collar Kultura zinegotziak aletu dituzte banan bana emaitza horiek. Herritarren balorazioa, positiboa oro har,  azken urteetan martxan jarritako proiektuek eta herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuetan 5etik gorako balorazioa jaso duelako udalak, batez beste. Testuinguru orokorrari dagokionean berriz, herriko elkarbizitza,  kulturen arteko elkarbizitza, eta herriko bizi kalitatea orokorrean ondo edo oso ondo  baloratu du galdetutako %80ak oro har. Horien artetik, elkarbizitza da hoberen baloratu dutena: ondo edo oso ondo %86ak.

Alabergako igogailua, proiekturik ezagunena eta baloratuena

Pobrezian bizi diren herritarrak edo familiak gaiak balorazio eskasagoa jaso du, %29ak ongi erantzun du, baina %43,6k hala moduzkoa. Udalaren proiektu eta zerbitzuen arloan, ondoen eta okerren baloratu dituzten proiektuak, hiru ezagunenak dira. Batez bestekorik altuena, Alabergako igogailuak lortu du (8,5), eta Lekuona eraikina, sorkuntza fabrika eta auzotako udaltzainen figurak txarrena, (5,6 eta 6,3, hurrenez hurren). Orokorrean proiektu gehienek 8 eta 10 arteko balorazioa jaso dute.

Zerbitzuei dagokienean, berriz,  Zu! Zure Udala etab euskara ikasteko zerbitzua dira galdetegian ondoen baloratu dituztenak herritarrek. Insatlazioekin duten asebetetzea galdetuta, galdetu zaienen artetik &75,9k erantzun du nahiko gustura edo oso gustura dagoela, eta %8,1k berriz, ez dagoela gustura. Kirol instalazioek nota onarekin gainditu dute herritarren azterketa, Galtzaraborda eta Fanderiako kiroldegiek eta Beraungo igerilekuek 7 puntu edo gehiago lortu dituzte balorazioan.

Inkesta erantzun dutenen %84,5 ezagutzen du Udal liburutegia, eta %83,6k Niessen Kulturgunea. Xenpelar tailerrak, berriz %43,2k ezagutzen ditu eta &32,2k antzerki tailerrak. Horien guztien batez besteko balorazioa 7,6 eta 7,9 puntu artekoa da. Udalak erabiltzen dituen leloen gainean ere galdetu diete inkestan parte hartu duten errenteriarrei: %40ak baino gutxiagok ezagutzen dituzte, baina hala ere, 7 puntu edo gehiago jaso dituzte balorazioan.

Gobernu taldea, Oso ongitik hurbil

Udal Gobernuak ere eskatu die herritarrei egiten duen lana baloratzeko. Emaitzarekin pozik egoteko arrazoiak badituzte EH Bildu eta Errenteria Irabazizeko ordezkariek, izan ere, galdetutakoen %30ak uste du Errenteriako arazoak konpontzen ari dela gobernu taldea, eta %38,3k berriz, badakiela nola konpondu Errenteriako arazoak baina denbora gehiago behar duela. Hamar pertsonatik ia zazpik ez du udalaren gaineko iritzi txarrik. Horren adierazle, gobernu taldeari eman dioten nota: 6,8. (2016ko abenduan gobernu taldeari 6,54ko nota eman zioten).

Kezka nagusien artean trafikoarekin lotutako gaiak daudela nabarmendu du Graciak, “zehazki aparkalekuekin, %32ak horren gaineko kezka azaldu du, eta udalak gogoan hartuko du hori. Horrekin batera, lanarekin zerikusia dutenak. Hoberen baloratuak, berriz, mugikortasunarekin lotutakoak, eta horien artetik Alabergako igogailua da ezagunena eta baloratuena. Beste muturrean,  Zu! Zure Udala, oso baloratua, baina ezezaguna”.

Gardentasun politikan urrats bat aurrera dela azterlana herritarren eskura jartzea nabarmendu du Collarrek, eta 2019 Helburu Agintaldi Planari jarraituta udalak apustu garrantzitsuak egin dituela azken garaian herritarren eskura dauden zerbitzuak martxan jarri eta hobetzeko: “Irisgarritasun proiektuak, hirigintza hobekuntzak, ekologia, berdintasun politikak, administrazio hurbilagoa… eta herritarren asebetetzea neurtzea garrantzitsua zela uste dugu, horregatik egin du udalak azterlana”.

Ez dela udalak egiten duen lehen inkesta azaldu du Graciak, 2016 urte amaieran egin zuen halako galdetegia herritarren artean hondakinen gaiari lotuta eta hura ere herritarren eskura jarri zutela ekarri du gogora, “azkenean herritarrentzat interesgarriak direnak haien eskura jartzea garrantzitsua iruditzen zaigulako. Politika egiteko modua da, azkenean, bi urtean behin auzoetara joaten garen bezala eta bertan kritikak, ekarpenak edo balorazioak jasotzen ditugun bezala, asebetetzea neurtzen dugunean ere herritarrek esaten digute zeintzuk diren beren kezkak, ardurak, zer dagoen ondo, zer gaizki, eta horrelako gauzak egitea garrantzitsua da”. Pozik azaldu da emaitzekin, “azkenean balorazioa positiboa izan delako oro har. Hori bai, ahaztu gabe beti ere hobetzea dagoela”.

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend