Oarsoaldeko 1.326 ikaslek hartzen dute parte Eskola Kirola programan

Oarsoaldeko ikastetxeetako 8-12 urte arteko ikasleen artetik %48ak egiten du Eskola Kirola egun.

Eskola Kirolaren ikasturte berriko datuak eman dituzte Oarsoaldeko lau udaletako ordezkariek.

Hasi berria da Eskola Kirola programaren ekinaldi berria eta Oarsoaldeko udaletako kirol zinegotziek positiboki baloratu dute parte hartzea.  Iazko kopuru beretan dabil 8 eta 12 urte arteko haurren parte hartzea, zehazki, 1.326 ikasle arituko dira ikasturte honetan Eskola Kirola programan, Oarsoaldeko ikastetxeetan matrikulatutakoen erdia, eta kopuru hori arrakastatsutzat jo dute. Arrakasta horren oinarrian, gainera, Oarsoaldeko ikastetxeek eta lau udalek Eskola Kirola profesionalizatzeko egindako esfortzua kokatu dute.

8-12 urte arteko ikasleen artetik %48ak egiten du Eskola Kirola egun, Irlentz Ortega Lezoko Kirol zinegotziak nabarmendu duenez, eta 136 taldean banatuta daude. Horietatik, 71 talde Errenteria-Oreretakoak dira, 26 Pasaiakoak, 26 Oiartzungoak, eta 13 Lezokoak. 75entrenatzailek gidatzen dituzte haurren jarduerak programaren barruan, eta Ortegak nabarmendu du Oarsoaldean profesionalizatuta daudela guztiak, “lan kontratua eta gutxieneko prestaketa dute guztiek”. Parekidetasunari ere begiratu dio, “poliki badoa ere, geroz eta neska gehiagok hartzen dute parte Eskola Kirola programan, eta hori da helburua parekatzea kopuruak. Une honetan, adin tarte horretan eskualdeko ikastetxeetan matrikulatuta dauden nesken %33ak hartzen du parte Eskola Kirolan, eta mutilen kasuan, %68ak”.

Enekoitz Markos Oiartzungo Kirol zinegotziak Eskola Kirolaren helburuez mintzatu da. Aniztasuna, parekidetasuna, kirolaren balioak zabaltzea, mugikortasun ohituretan eragitea, euskararen normalizazioa, eta programaren profesionalizazioa direla Eskola Kirolarekin landu nahi diren  zehar lerroak nabarmendu du Markosek: “Haur eta gaztetxoek kirol ezberdinak probatzea nahi dugu, etorkizunean kirol aukera zabalagoa izan dezaten, eta hori parekidetasunean egitea nahi dugu gainera, geroz eta neska gehiagok parte hartzea kirol programa horretan. Balio baikorrak bultzatzea ere badu helburu Eskola Kirolak, elkarrekiko errespetua, elkartasuna, kirol legez jokatzea, besteak beste. Mugikortasun ohiturak aldatzea sustatzen du gainera, auto partikularra erabili beharrean garraio publikoa, edota bizikleta erabiltzea, modu iraunkorragoan aritzea, eta euskara bera sustatzeko bide ere bada, azken batean, entrenatzaile eta koordinatzaileekin euskaraz egiten dutelako haurrek”.

Eskola Kirola programak haurren prozesu hezitzailea bultzatzea duela helburu nabarmendu du bestalde, Jon Txasko Errenteriako Kirol zinegotziak, “haurren garapena eta eskualde osorako, ikastetxeentzako, udalentzako, parte hartzen duten haurrentzako, eta entrenatzaileentzako ere oso garrantzitsua da, eta horregatik egiten dugu apustu hau”.

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend