“Ahalik eta jende gehien” bildu nahi du Pasaiako Udalak urtero Gabonen bueltan antolatzen duen 12 cm erakusketan, eta publiko egin dute gonbidapena, nahi duen edonork izena eman dezan.
Interesdunek hilaren 23a baino lehen eman behar dute izena, eta horretarako udalaren webgunean zintzilikatu dituzten
fitxak bete: obraren fitxa batetik, eta izen-emate orria bestetik. Postaz bidali daitezke fitxak, baina telefonoz ere bada aukera, 943004330 telefono zenbakira deituta 09:00etatik 14:30era.
Parte hartzeko izena ematea derrigorrezkoa da, eta bi lan aurkeztu behar dira. Obraren alde batek, gutxienez, 12 cm neurtu behar du, eta beste aldeek ezin dute neurri hori gainditu, markoa edo euskarria barne. Obra, ikus-entzunezkoa izatekotan, iraupena minutu bat eta bi segundokoa izan beharko du.
Erakusketarako lanek, hilaren 30era baino lehen helarazi behar dira Pasaiako Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailera (Euskadi etorbidea, 61, Trintxerpe) eta erakusketaren muntaketa erraztu aldera, argi eta garbi adierazi behar da nola kokatu behar den.
12 cm erakusketa abenduaren 15ean inauguratuko dute Pasaian, eta gerora Hendaian, Gasteizen eta Argedasen jartzea aurreikusita dago.