Adierazpen bateratua egin du udalak Memoriaren Egunaren harira

Udalean ordezkaritza duten indar politiko guztietako ordezkariek egin dute adierazpena biharko egunaren harira.

Oiarbide, Rodriguez,Mendoza, Lopez de Etxezarreta eta Collar.

Memoriaren Eguna izango da bihar, eta horren harira adierazpen bateratua egin dute Errenteriako Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek. Reina aretoan izan da adierazpen hori eta Picassoren Guernica artelaneko hainbat elementuren ondoan azaldu dira Julen Mendoza alkatea, Garazi Lopez de Etxezarreta (EH Bildu), Jose Angel Rodriguez (PSE-EE), Ion Collar (Errenteria Irabaziz) eta Garbiñe Oiarbide (EAJ).

Adierazpen horretan, gogora ekarri dute hiru urte pasa direla udalak  Memoria Partekatu Baterantz herrian 1956tik 2012ra bitartean izan diren giza eskubideen urraketei eta indarkeria ekintzei buruzko txostena aurkeztu zuenetik. Txosten hori udalean ordezkaritza duten indar politiko guztiek lankidetzan eta adostasunean egin eta aurkeztu zuten, eta hori hartu dutela Errenteriaren memoriaren eraikuntzan eta bizikidetzan aurrera egiteko oinarritzat nabarmendu dute: “Gipuzkoako beste hainbat udalerritan egindako beste hainbat lan sustatzeko ere balio izan du”.

Urrats horien ondotik, beste batzuk egin dituela udalak dio adierazpenak elkarbizitza eraikitzeko, “enpatian, errespetuan, zaintzan eta adostasunean oinarritutako prozesu baten bidez”. Etengabeko lan diskretua izan omen da giltzarria giza eskubideen urraketa larrien biktimei aintzatespen instituzionaleko ekitaldiak egiteko”.

Biktima eta senitartekoei erreparazioa lortzen laguntzea izan dela helburu nagusia, jasandako sufrimendua aitortzea, baina bidea ikaskuntza izan dela udal ordezkarientzat aitortu dute: “Erdigunean jarri dugu pertsonaren zaintza. Azken batean, koherentzia etiko berarekin heldu diogu jasandako sufrimenduari, eta berretsi dugu gertatutako guztiak ez zuela inoiz gertatu behar”.

Errenteriako Udalean ordezkatutako indar politiko guztiek,halaber, memoria partekatu baterantz egiteko konpromisoa berretsi dute. Izan ere, 2015ekoa lana bukatu gabea da, “hura zabaltzeko konpromisoa hartzen dugu, biktima guztiei benetako aintzatespena eginda eta memoria jarrita bizikidetza eraikitzeko prozesuaren erdigunean”.

Indar politikoena bai, baina prozesu horrek gizarte eragile eta herritarren lankidetza ere beharrezko duela nabarmendu dute, eta ezagutzea dela ez ahazteko bidea iraganeko akats berak ez errepikatzeko erantsi dute.

Biharkoa, gertatutako guziaren dimentsioa gogora ekarri eta biktima guztien aitortza egiteko eguna izango dela esan dute azkenik adierazpen horretan, “gertatutakotik ikasteko eta elkarrekin giza eskubideen eta pertsona guztien duintasuna errespetatzen duen etorkizunaren alde lan egiteko konpromisoa berresteko nahia partekatzeko eguna”

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend