Aurtengo Behobian ere emakumeak gidari

Ezkerretik eskuinera, Lurdes Oiartzabal, Ana Cruz eta Eneritz Sein, Pasai Donibaneko portuan

Behobiako dortsal eta elastiko mordoa dituzte gordeta etxeko armairuan Ana Cruz (Pasai Antxo), Eneritz Sein (Pasai Donibane) eta Lurdes Oiartzabal (Lezo) korrikalariek. Oarsoaldean, baita Donostian ere, aski ezaguna da hirukotea; hiruren artean 30etan baino gehiagotan zeharkatu dituzte Irundik Donostiarainoko 20 kilometroak.

Igandean, antxotarrak 7.enez,  lezoarrak 10.enez eta sanjuandarrak 17.enez gaindituko dute Behobia auzo inguruko hasierako lerroa, aurten modu oso berezian gainera. Marka pertsonalak alde batera utzita, orain arte Behobian sekula bizitako esperientziaz gozatuko dute, lasterketa oso berezia izango da hiruentzat: lehenengoz erbi gisa egin beharko dute hainbeste aldiz zeharkatutako ibilbidea. Hau da, euren marketan baino, besteenetan pentsatu beharko dute, alboan izango dituztenen denboretan. Urteko lasterketa berezienaren atarian, entrenamenduak tartean, Hitza-rekin biltzeko tartea atera dute kirolariek.

Harro kontatu dutenez, Behobiak berdintasunaren aldeko pauso garrantzitsua eman zuen iazko edizioan; ordura arte inoiz ez bezala, lau emakume erbi gisa atera ziren lehenengoz. Eta aurten, urrats are handiagoa eman dute antolatzaileek: 29 erbietatik, 13 dira emakume, ia erdia.
«Niretzat salto handi eta garrantzitsua izan da. Ez dut ulertzen nola orain arte ez den inoren burutik pasatu emakume bat erbi izan daitekeela. Pozgarria da, aurrerapauso handia», dio Seinek. Erbi gisa egiteko harekin kontatu izana «ikaragarria» izan da Cruzentzat: «Erabaki oso garrantzitsua iruditzen zait, gizonezkoek bezalaxe egiteko gai garelako». Oiartzabalek kontatu duenez, «zoritxarrez» erbi irudia gizonezkoekin lotuta egon da beti. «Emakume oso azkarrak daude. Gizon asko iristen dira gure atzetik, orduan, zergatik ez eman emakumeoi aukera hori?».

Azken Behobia guztietan ibilbidea ahalik eta epe laburrenean zeharkatzea izan da euren helburua, baina aurten betebehar erabat ezberdina izango dute. Beste korrikalariei gidari lanak egitea izango da hiruen zeregina igandean. Seinek 1.45ean, Cruzek 1.40ean eta Oiartzabalek 1.33an. Antolakuntzak zehaztutako denbora horiek bete beharko dituzte, eta antzeko marka helburu duten korrikalarien gidari izango dira. Laburbilduz, bidea erraztuko diete partaideei.

Behobian lehen aldiz erbi bezala aterako diren arren, urriaren 28ko Donibane Lohizune-Hondarribia maratoi erdian ‘lan berriarekin’ izan zuten lehen kontaktua Cruzek eta Oiartzabalek. Erbi gisa atera ziren estreinakoz; «oso berezia» izan zela onartu dute. «Beti ziztu bizian joaten gara, eta azkenean ez duzu giroaz hainbeste gozatzen, beste esperientzia bat da, ikaragarria», dio Cruzek. Lurdes Oiartzabal: «Gauza askoz ohartzen zara, egurrean zoazenean konturatzen ez zarenak: giroa, jendea, animoak…».

Urteko bereziena
Urtean zehar dozenaka lasterketatan parte hartzen dute aurtengo Behobiako erbiek. Errepidean, mendian… Leku ikusgarriak zapaltzen dituzte ia astebururo korrika egiteko oinetakoekin. Baina guztietatik, argi du hirukoteak, Behobia da bereziena. Ibilbidea politena ez izan arren, ederrena da oarsoarrentzat. Eneritz Sein: «Jende kopurua ikaragarria da, bai korrika egiten eta bai ikusle bezala».

Cruzek aitortu du inon aurki ezin daitekeen giroa dagoela ibilbide guztian zehar: «Ateratzen zarenetik iristen zareneraino sekulako animazioa dago, Irunen, Gaintxurizketan, Errenterian, Pasaian, Donostian… Izugarria da». Oiartzabalek bat egin du igandean ‘lankide’ izango dituenekin: «Hemengoak izanik, eta gure etxetik gertu igarotzen dela ikusirik, lasterketa oso-oso berezia da niretzat».

Igandekoari begira, azken egunotan urtean zehar egiten dituzten entrenamendu berberekin aritu direla kontatu dute. Cruz eta Oiartzabalek ia egunero janzten dituzte zapatilak —eta egun libreetan bestelako kirolak egiten dituzte—, eta Seinek «etxeko txikienak uzten» dioenean ere egunero kalera ateratzen dela kontatu du, barrez. «Gure bizitzaren parte da korrika egitea, bizitza estilo bat alegia, eta beti horretarako denbora bila ibiltzen gara», dio Cruzek.

Azken urteotan emakumeek Behobian eta running-aren munduan irabazi duten presentziaren isla, kalean ere badagoela kontatu dute korrikalariek. «Garai batean bidegorrian ez zinen beste neskekin gurutzatzen, eta orain, agian mutilak baino neska gehiagorekin egiten duzu topo», dio Oiartzabalek.

Igandekoa, hiruentzat, orain arteko Behobiarik lasaiena izango da. Halere, urduritasuna dagoeneko ate joka dabilela onartu dute. «Nahiz eta urte asko igaro, beti urduritzen zara eta hori beharrezkoa da», dio Seinek.

Hiru horiekin batera, emakume hauek ere ariko dira erbi lanetan: Nere Arregi, Tanit Perez de Leceta, Alazne Mujika, Eva Esnaola, Nerea Hermo, Paki Lopez, Aloña Ancin, Nerea Garcia, Rosi Calles eta Idoia Esnaola.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend