Azalari itsatsiko zaion irudia diseinatu du Gorka Elarrek

Gorka Elarre antxotarrak 54. Behobia-Donostia lasterketaren kamisetan agertzen den irudia diseinatu du. Irabazten duen bigarren aldia da, eta bera da errepikatu duen bakarra. Harro ikusiko du bere sorkuntza
gorka elarre

Gorka Elarre, aurtengo lasterketako kamisetarekin.

Etzi marea berde bat egon daiteke Behobia eta Donostia artean. Hori, parte hartzaile guzti edo gehienek kamiseta ofiziala janzten badute. Dortsalarekin batera Adidas etxeak diseinatutako kamiseta berdea jasoko dute partaideek, eta hori janzteko aukera izango dute. Kamiseta horrek, baina, berezko izaera erantsiko dion zerbait behar du: diseinu propio bat. Aurtengo irudiaren egilea Gorka Elarre antxotarra da. 2013ko —49. ekitaldiko— diseinua hark egin zuen, eta aurtengo lehiaketa irabazita, bera da bi aldiz nagusitu den diseinatzaile bakarra.

Elarrek berak azaldu duenez, 2013an antolatu zuten lehiaketa estreinakoz. Ordutik, iazkoa kenduta, ekitaldi guztietan hartu du parte, eta bitan nagusitzea lortu du. Elarrek berak azaldu du: «Kontua da 2013 hartan hasi zirela lehiaketa egiten. Lehen enpresa edo diseinu estudio bat zen irudia egiteko ardura zuena. 2013an egin zuten lehenengo aldiz, eta nik irabazi nuen».

Antxotarrak azaldu duenez, ez dio deialdiari arretarik jarri behar, lehiaketa itxia baita: «Beraiek 10-15 diseinatzaile inguru aukeratzen dituzte, Donostia ingurukoak. Haiei deitzen diete, eta galdetzen diete ea lehiaketan parte hartzea interesatzen zaien». Gogorarazi duenez, lehenengo aldiz deitu ziotenean «flipatuta» geratu zen. «Ez dakit nola lortu zuten nire kontaktua, baina baietz erantzun nien, eta horrela hartu nuen parte».

Kamiseta eredua Adidasek berak jartzen du, eta horren gainean islatu behar dute lasterketaren leloaren espiritua. «Kamiseta, hornitzaileak berak proposatzen du, eta hori ukiezina da. Lasterketaren leloa, berriz, antolatzaileek proposatzen dute sare sozialetan, eta bertan jasotzen dituzten ideiekin osatzen dute», azaldu du. Aurtengo leloa #behobiass eginez mundua aldatu da. Mikel Goñi sanpedrotarrak proposatu zuen lema. Beraz, Pasaian egosi dira aurtengo Behobia-Donostia lasterketaren leloa zein irudia.

Antolatzaileek azaldu dutenez, ez da ausaz hautatuko leloa. Izan ere, aurten 50/50/25 kanpaina abiarazi dute. Zifren dantza horren atzean dagoena da 2025erako emakume eta gizonen parte hartzaile kopuruan berdintasuna lortu nahi izatea. Alegia, parte hartzaileen %50 genero bakoitzekoa izatea nahi dute urte horretarako.

Diseinuari dagokionez, Elarrek esan du gizartearen erdia animatu nahi duela irudiarekin. «Ez da igandeko lasterketan parte hartzeko gonbita bakarrik izango. Bizitzako lasterketa guztietan parte hartzeko dei bat da». Deialdia, baina, ez da herritarren %50ari bakarrik mugatzen, eta gizonei ere dei egiten die: «Gizartearen beste erdiak ere sentitu behar du ardura bat duela, eta emakumeen presentzia modu normalizatuan ikusi behar dela bizitzako edozein esparrutan».

Lehiaketa irabazten duen bigarren aldia denez, badaki zer sentitzen den bakoitzaren diseinua hainbeste jenderen paparrean ikusiz: «49. ekitaldiko kamiseta bat ikusten dudanean [laranja da], irribarre txiki bat ateratzen zait. Harrituta geratzen naiz zenbat jendek erabiltzen duen kamiseta oraindik entrenatzera joateko».

Argazkilaritza
Elarrek lehenago bazuen lasterketarekin harremana. Urte pare batez helmugan egon zen, korrikalariei edariak emanez. Lotura handiagoa du lente optiko baten bitartez, hala ere. Izan ere, Dravet Sindromea Fundazioarekin kolaboratzen du: «Haur eta gazte horiek epilepsia erasoak jasaten dituzte, jakin gabe zergatik. Dortsal solidario bat ateratzen dute, eta eurekin kolaboratzen dut. Mirakruz gainean egoten dira lasterketa ikusten, eta haiekin egoten naiz».

Argazkilaritzan 30 sari baino gehiago lortu ditu, bai hemen baita nazioartean ere: Bergaran, Austrian, Mallorcan… Etxean Behobia-Donostiaren artxibo ikaragarri handia du.

Etzi Mirakruzen egongo dela uste du, argazki kamerarekin. Ziur irribarre txikia aterako zaiola, marea berdearen artean berak egindako logoa, izerdi patsetan bada ere, ikusten duenean.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend