Lehen aldi gogoangarria, aurtengoan

Igandean 13.700 lagun irtengo dira Behobia-Donostia lasterketan lehen aldiz: horietako lauren testigantza bildu du HITZAk. Ziurtzat eman daiteke haien motibazio, ilusio eta beldurrak beste askoren isla ere izango direla.
behobia-Donostia lasterketa Pasaiatik.

Iazko Behobia-Donostia lasterketa Pasaiatik.

Askotarikoak izaten dira Behobia-Donostia lasterketa  egiteko arrazoiak. Erronka pertsonalak, kirol zaletasuna, promesak, apustuak… denetarik topa daiteke herri lasterketa entzutetsuenaren parte hartzaileen motibazioen artean. Urtero-urtero asko izaten dira lasterketa lehendabizikoz egiten dutenak, eta aurten ere hala gertatuko da. 31.000 lagun inguru irtengo dira Behobiatik lasterketaren 54. ekitaldian, eta horietatik 13.700 lehen aldiz saiatuko dira Donostiara arteko 20 kilometroak osatzen: 9.700 gizon eta 4.000 emakume.

Hitza-k horietako batzuk elkarrizketatu ditu, eta lasterketaren atarian, normala denez, tentsio puntua sumatzen da. Beldurrak, zalantzak… guztiak azaleratzen dira estreinaldiaren bezperatan, baina baita lasterketa korritzeko gogoa ere, ibilbidea ahalik eta hoberen osatu eta kasu askotan, ondorengo ospakizunetan pentsatuta.

Taldean errazago
Erronka pertsonala izaten da gehienentzat Behobia-Donostia lasterketa, baina harra nola piztu eta non piztu, izaten da aldea. Askok etxean jaso dute lasterketarekiko zaletasuna, beren aurrekoek egiten zutelako edo txikitatik ikusle izan direlako; beste hainbatek lagunak xaxatuta animatzen dira, eta asko eta asko, baita ere, lantokietan elkarri amua botata. Dudarik ez da, taldean errazagoa izaten da lasterketa prestatzea, eta ondorengo elkarrizketak horren adibide.
Korrikalarien artean arrakasta handia izaten duen lasterketa da Donostia-Behobia eta kasu askotan, probatzen duen korrikalariak errepikatu egin ohi du. Zenbagarren lasterketa duen eta zein marka, horixe izaten da parte hartzaile beteranoenen ahotan hizpide nagusia egunotan.

Hasiberriak, aldiz, zuhurragoak izaten dira, eta normala denez, lasterketa bukatzea eta ahal dela gehiegi sufritu gabe helmugara iristea, horixe izaten da erronka nagusia estreinaldian.

«Beti izan dut egiteko gogoa, eta aurten errazagoa izan da animatzea»

David Saneiro.

David Saneiro, Korrikalaria

Zergatik erabaki duzu aurten Behobia-Donostia lasterketan izena ematea? Zerk bultzatu zaitu?
Lankide batzuk parte hartzekoak ziren, eta azkenean ni animatu naiz haiekin korri egitera. Oiartzungo Salto Systems-en egiten dut lan, eta enpresan halako lasterketak asko sustatzen dituzte, babesle izaten direlako. Langileoi parte hartzea errazten digute, dortsalak emanez. Donostiako Klasikoan enpresako 20tik gora langilek parte hartu genuen, eta Behobia-Donostian ere asko izango gara.

Horien artean badira zu bezala lehen aldiz ariko direnak?
Bai, bagara batzuk. Beterano asko daude, baina baita hasiberriak ere.

Nola ari zara prestatzen?
Ni nire aldetik ari naiz, aukera dudanean korri egitera irteten. Saiatzen naiz astean hiru entrenamendu egiten.

Helburu zehatzik bai? Markaren bat gainditu nahi?
Ez, markarik ez. Ez dut sekula lasterketa egin eta ez nago horrelako distantziak korri egitera ohituta. Beraz, helburua osorik iristea, eta bi ordutik behera egitea lortuko banu, zoragarri.

Bakarrik edo lagunduta. Nola egingo duzu lasterketa?
Lankide batzuk elkarrekin joatekoak gara, ea noraino iristen garen.

Zer espero duzu lasterketaz?
Egun ona pasatzea, gozatzea eta baita sufritzea ere, baina batez ere nire lankideekin egun eder bat pasatzea, eta lasterketaren inguruan dagoen giroaz eta beste guztiaz gozatzea.

Lasterketa amaitzerako planik baduzu?
Ziurrenik zerbait hartuko dugu Donostian, pintxo eta garagardoren bat lasterketa komentatzeko, eta ondoren norbere etxera atsedena hartzera.

Urduritasunik bai?
Bai, azkenean nahi edo ez…  Orain arte egin ditudan lasterketetan ere, eta ez dira asko, irten aurretik urduri jarri naiz.

Zerk motibatzen zaitu gehien?
Erronka pertsonal bat da, besterik ez. Beti izan dut Behobia egiteko gogoa, eta aurten errazagoa izanda animatzea, lankideekin batera egiteko aukera sortu zaidalako. Jendearekin prestatuz gero errazagoa da.

Orain baino lehen nola bizi izan duzu lasterketa?
Beti atera izan da ezagunen bat, eta ikustera joan izan naiz, normalean Pasai Antxo eta Herrera inguruan.

Aurten familia eta lagunek non itxarongo zaituzte?
Printzipioz, Antxo inguruan. Hala esan didate.

Behobia honen ondotik gehiago etorriko direla uste duzu?
Litekeena da. Egia esan, azkenaldian korri egitera atera naiz, bakarrik, eta gustuko dudala konturatu naiz.

Igandera arteko zure plana zein da?
Asteburuan [aurrekoarengatik] topera entrenatu, astean zehar lasaiago, eta igandean dena ematera, ea zer ateratzen den.

 

«Ilusio berezia egiten dit nire lehen Behobian Kathrine Switzer irtetea»

Miren Aristizabal.

Miren Aristizabal, Korrikalaria
Lehen aldiz parte hartuko duzu Behobia-Donostian. Urduri ?
Bai, egun hauetan bai.

Zer da gehien kezkatzen zaituena eta zerk gehien motibatu?
Gehien kezkatu, ez bukatzea. Azken asteko entrenamenduak egiten gabiltza, eta nabaritzen dut urduritasunaren ondorioz  gehiago nekatzen naizela.
Gehien motibatzen nauena da nire burua irudikatzea lasterketa bukatuta, nire lankideekin, denak kontent eta bazkaltzera joateko prest.
Horrez gain, ilusio berezia egiten dit nire lehenengo Behobian Kathrine Switzer irtetea (1967. urtean Bostongo maratoia egin zuen lehen emakumea), bera bezalako emakumeei esker gaur berdintasunetik gertuago gaudelako.

Lankideekin parte hartuko duzu. Nola ari zarete prestatzen?
CEIT ikerketa zentroan egiten dut lan, eta eguerditan, astean hirutan ateratzen naiz beste lau lankiderekin korri egitera. Gure lantokia Antiguan dago eta batzuetan Ondarretatik Groseraino joaten gara, eta beste batzuetan Igarara, aldapak egiteko.

Zergatik erabaki zenuten Behobia-Donostia egitea?
Sei urtez egon naiz etxetik kanpo bizitzen, eta kanpoan nenbilela hasi nintzen korri egiten. Hona itzultzean lanekoekin entrenatzen hasi nintzen, eta ikusi genuen helburu finkorik ezean, askotan alfertu egiten ginela. Orduan erabaki genuen Behobia- Donostia helburutzat jartzea, korrika egitera ateratzeko bai ala bai. Horrela hasi ginen. Gutako batek hiru Behobia korritu ditu jada, eta berak animatu gaitu. Beste laurok lehen aldiz egingo dugu.

Lasterketa egiteko zein eguraldi nahiago duzu?
Nahiago nuke freskoa, nik beroarekin oso gaizki egiten dudalako korri, baina euri eta haizerik gabe, eta lainotua.

Marka zehatzen bat gainditu nahi?
Ez. Printzipioz helburua da bukatzea, eta pentsatzen dugu bi ordu inguruan egitea, baina marka zehatzik gabe.

Elikadura ere zaintzen ari zara?
Ez. Saiatu naiz dieta bat hasten, baina oso gaizki joan da.
Ikusle gisa nola bizi izan duzu Behobia-Donostia?
Aurreko sei urtean kanpoan egon naiz, eta korrika egiten zuten lagunek bidalitako argazkien bidez jarraitu dut. Hemen nengoela ikustera joaten nintzen, baina ez urtero. Kolon pasealekuan ikusi izana gogoan dut, baita Pasaia inguruan ere, portua zeharkatzen zuenean, zonalde bereziki zaila izaten zelako.
Hau baino lehen beste lasterketarik egin duzu?
Behobia prestatzeko Hiru Hondartzak eta Donostiako Klasikoa egin ditut. Hiru Hondartzak  erraz egin nituen, eta Klasikoa gehiago kostatu zitzaidan. Aurreko urtean maratoi bat egin nuen Birminghamen. Bukatu nuen, baina oso gaizki, eta maratoi bat ez nuela berriz ere egingo erabaki nuen. Maratoi erdiarekin nahikoa dut.

Lehen Behobia honen ondotik gehiago etorriko direla uste duzu?  
Urtero San Silbestrea egiten dut aitarekin, Hondarribikoa, eta aurten ere hala egingo dugu. Behobia berriz ere egingo ote dudan? Aurtengoa nola bukatzen dugun ikusi behar lehenbizi.

 

«Korrika eginez gozatzera noa Behobia- Donostia lasterketara»

Iratxe Etxegoien.

Iratxe Etxegoien, Lasterkaria

Lehenengo Behobia-Donostia lasterketa izango duzu aurtengoa. Zergatik erabaki duzu parte hartzea?
Egia da Behobia-Donostia lasterketan ez naizela inoiz ere atera, eta aurten egingo dudala lehenengoz, baina badira urte batzuk korrika egiten hasi nintzela, 2013an zehazki. Lasterketa gutxi batzuk ere egin ditut hasi nintzenetik. Badirudi, ordea, inguru honetan ez baduzu Behobia-Donostia lasterketa egin, ez duzula korrika egiten.

Batez ere horregatik erabaki dut egitea, inguruek nolabait bultzatuta, hainbestek esaten dute polita dela, merezi duela… eta azkenean animatu egin naiz bertako lasterketa bat delako eta garrantzitsua delako.

2013an hasi zinen korrika egiten. Zerk eraman zintuen korrika egiten hastera?
Beti egin izan dut kirola, bat ez bazen bestea, baina beti kirolean aritu naiz. Momentu horretan kiroldegian ari nintzen spinning egiten. Ikastaroa bukatu zen ekainean, eta uztaila eta abuztuan zer edo zer egiteagatik korrika egiten hasi nintzen, eta jarraitzen dut, gustatu egin zitzaidan eta segitzea erabaki nuen. Aitortu behar dut beste arrazoia ere badudala, etxean zaletasun handia dago. Aita bere garaian korrikalari oso ona izan zen eta anaia ere berriki arte oso ondo ibili da. Biek utzi ondoren hasi naiz ni korrika egiten.

Zer du korrikak hainbeste harrapatzeko? Jendeak hasten denean ezin omen du utzi. Zu ere halakoa zara?
Niri kosta egin zait, baina egia da edozein kirol egitea gustatu egiten zaidala, baita korrika ere, beraz. Korrikak ematen dizu aukera edozein momentuan eta edozein ordutan, nahi duzunean egiteko, baina harrapatzea kostatu zaidala onartu behar dut.

Zergatik kostatu zaizu?
Batez ere bakarrik joaten nintzelako, beti bakarrik ibili naiz korrika egiten eta aspertu egiten nintzen. Talde batean hasi nintzen ondoren, eta taldean ari naizenetik, motibazio gehiagoekin ari naiz, eta ordutik bai engantxatu naiz.

Zein taldetan ari zara?
Donostiako Run SSen, eta oso gustura ari naiz bertan.

Prestaketa berezia egiten ari zara Behobia-Donostia lasterketari begira?
Azken zortzi asteak horri begira entrenatzen ari gara. Bi egun egiten ditugu entrenatzaileak agintzen digunarekin taldean, eta beste bi egun, berriz, nire kabuz entrenatzen ari naiz. Lehen hiru egun egiten nituen, eta orain lasterketari begira lau egiten ari naiz. Errodaje motza eta errodaje luzea entrenatzen ari naiz.
Eguneko gehienez 15 kilometro egiten ditut, eta gainontzekoan, entrenatzaileak jartzen dizkigun bi egunetan teknika lantzen ari naiz, baita abiadura ere. Nire kabuz fondoa egiten ari naiz.

Beldurrez zoaz lasterketara, edo lasai, zer espero duzu?
Ez, beldurrik ez dut, lasai noa. Ondo pasatzera noa, jendeak esaten du hain polita dela eta hainbesteko giroa dagoela! Eta ni gozatzera noa, horiek lehen eskutik bizitzera, ez dut bestelako helbururik jarri lasterketari begira. Ondo pasatzera noa, gozatzera korrika eginez.

Animatuko zenuke jendea lasterketan parte hartzera?
Bai noski, animatuko nuke jendea, baina ez zehazki Behobia- Donostia lasterketan parte hartzera, kirola egitera baizik. Kirola egitea osasuntsua da, eta gainera, on egiten digu. Kirola egin ostean ematen dizun subidoia, gauza gutxik ematen dute. Horregatik harrapatzen zaitu kirolak. Zure buruarekin gustura sentiarazten dizu, asebetetzen zaitu, eta egunetik egunera hobeto sentiarazten zaitu, gainera.

Bakoitzak gustuko duen kirolean aritzera animatu nahi dut, ez du zertan korrikan izan. Orain modan dago korrika egitea, geroz eta jende gehiago dabil, baina edozein kirolek ematen du satisfazio hori. Mugitzea da kontua, aktibo izatea, kirola egitea, zure gorputza hobeto dagoelako, baina zure buruarekin ere hobeto sentitzen zarelako kirola egin eta gero.

 

«Barrutik bizi  nahi dut lasterketan sortzen den giroa»

Joseba Irazabal.

Joseba Irazabal, Lasterkaria

Lehenengo aldiz hartuko duzu parte lasterketan. Zergatik erabaki duzu parte hartzea?
Egia esan, lagun batzuena izan da errua. Beraiekin korrika ibiltzen naiz eta beraiek animatu naute Behobia-Donostia lasterketan parte hartzera.

Zenbat denbora da hasi zinela korrika egiten?
Egia da azken aldian askoz ere gehiago egiten dudala, baina aurretik kirolean aritutakoa naiz ere eta orduan ere egiten nuen korrika. Futbolean aritua naiz, zehazki, orain ere ibiltzen naiz beteranoekin, eta aldian behin ateratzen naiz korrika egitera. Kirolarekin beti izan dut lotura.

Behobia-Donostian ateratzeko prestaketa berezia egiten arituko zara. Zer lanketa egiten ari zara lasterketari begira?
Bai hala da, prestaketa berezia egiten ari naiz lasterketarako prest egoteko. Behobia-Donostian parte hartzera animatu nauen lagun taldearekin [Ogi Berri Azkuene Triatloi Taldea] ari naiz lanketa berezi hori egiten, gainera, eta haiek dira esaten dutenak zenbat kilometro egin, eta zein prestaketa zehatz egin. Beraiek esandakoa betetzen dut nik.

Egunero 10 kilometro egiten ari naiz korrika Behobia-Donostiari begira, eta egia da beste egunen batean 14 edo 16 kilometro ere egiten ditudala, baina orokorrean, 10 kilometro egiten ari naiz.

Zer izaten ari da gogorrena prestaketa horretan?
Zalantzarik gabe, gogorrena hasiera izan da. Gorputza ohitzen duzun arte kosta egiten da, ez nengoen ohituta hainbeste kilometro korrika egiten eta… baina beno, behin ohituta ez dago arazorik, edo behintzat ez da hain gogorra.

Zer dauka berezia lasterketa honek, zergatik biltzen du hainbeste jende?
Nik uste dut giroak egiten duela berezi, bertan sortzen dena izugarria eta berezia da. Ni ez naiz izan, baina hori da jaso dudana, bertako giroaz hitz egiten du jende guztiak, berezia dela, eta kanpotik begiratuta hala dirudi. Aurten, barrutik, lehen eskutik ezagutzeko aukera izango dut lasterketan parte hartuta, eta zalantzarik ez dut halakoa izango dela, berezia. Nik uste dut horrek animatzen duela jendea lasterketara.

Bete beharreko denborarik jarri diozu zure buruari?
Ez, inondik inora ere ez delako hori nire helburua. Igandean gozatzera noa, disfrutatzera. Jendeak dio oso giro berezia sortzen dela eta hori ikusi nahi dut, barrutik ezagutu eta sentitu lehen esan dudan moduan. Ez dut, beraz, denborarik jarri lasterketa egiteko, gozatzera noalako, giroaz disfrutatzera.

Zer esango zenioke jendeari lasterketan parte hartzera animatzeko?
Behobia-Donostia lasterketa oso polita dela iruditzen zait, oso berezia lehen esan dudan bezala. Korrika egitea eta kirola egitea oro har ere , horrelakoa da, atsegina, polita, asebetetzen zaitu eta gainera osasungarria da. Uste dut horiek arrazoi nahikoak direla edonork lasterketan parte hartzeko, edota kirola egiten hasteko.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend