XX. Ikuskan, gaur, Pablo Malo eta Larrotxenen ekoitzitako lan hautatuak

Ikuskaren ibilbidea argazkitan jasotzen duen erakusketa ikus daiteke Zirizan. Argazkia: Jone Aranzabal.

Herenegun abiatu zen XX. Ikuska, festibalaren ibilbidea argazkietan jasotzen duen erakusketaren inaugurazioarekin, Trintxerpeko Ziriza Etxean. Ekitaldiak zinezaleak elkartu zituen, eta han bildutakoek Sara Zozayaren kontzertuarekin gozatu zuten. Luxuzko hasiera urteurren biribila ospatzeko.

Filmak proiektatzen, baina, gaur hasiko dira, lehiatik kanpo programatutako ziklo oso berezi batekin. XX. Ikuskak Larrotxeneko bideo eskola omenduko du gaur, eta asmo horrekin, eskolan ekoitzitako lan onenen hautaketa bat proiektatuko dute. Saio gidatzen, gainera, luxuzko gonbidatua: Pablo Malo zuzendaria. Frio sol de invierno eta Lasa eta Zabala filmetako zuzendariak Larrotxenen eman zituen lehen pausuak zinemagile gisa, eta ederki ezagutzen ditu eskola eta baita Ikuska bera ere, urte askoan epaimahaiaren parte izan delako.

Aurtengoan, baina, epaitzetik epaitua izatera pasako da Pablo Malo, bere azken film laburra, Tarde para el recreo, XX. Ikuskak lehiarako hautatu dituen 30 film laburren artean delako. Sail ofizialeko filmak, baina, astelehenetik ostiralera proiektatuko dituzte, egunero, 20:00etan, Trintxerpeko alkateordetzan eta Donibaneko Juanba Berasategi aretoan. Eta bada askoz gehiago.

Asteburuko egitaraua
Gaur
Omenaldia. Larrotxene bideo eskolan urtetan ekoitzi diren film labur hautatuak emango dituzte, Pablo Malok aurkeztuta, 20:00etan, Trintxerpeko alkateordetzan.
Bihar
Emea eta anitza. Emakumea hainbat arlotan islatzen duten film laburren proiekzioa. Saioko lan onenari Bekoz Beko saria emango diote. 19:00etan, Trintxerpeko alkateordetzan.
Gauguasa. Umorezko film laburren saioa, 22:30ean, Trintxerpeko alkateordetzan.
Etzi
Baskavigin. Islandiako itsasertzean jazotako 31 euskal baleazaleen hilketa basatiaren gaineko dokudrama, 19:00etan, Trintxerpeko alkateordetzan.

Programazioa osorik

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend