Larri gaixo diren Gogorza eta Arrieta preso oreretarren alde plenoak martxoan onartutako mozioaren harira egin du bisita Julen Mendozak.
Julen Mendoza alkatea eta Bego Atxa Sare Herritarreko kidea Basauriko espetxearen kanpoaldean.
Basauriko espetxean izan zen atzo Julen Mendoza alkatea, bertan espetxeratuta dagoen eta larri gaixo dagoen Aitzol Gogorza preso oreretarra bisitatzen. Martxoko udalbatzak aho batez onartu zuen larri gaixo dauden Mikel Arrieta eta Aitzol Gogorza euskal presoen askatasun gabetzearen gaineko mozio bat. Lehen aldiz onartu zuen Errenteriako plenoak aho batez horrelako mozio bat, eta ordezkaritza politikoa duten alderdi guztiek nazioarteko estandarrak bete, oso larri daudenez hirugarren gradua ezarri eta arrazoi humanitarioengatik espetxetik atera zitzaten eskatu zuten.
Gogorza zein egoeratan dagoen lehen eskutik ezagutzeko aukera izan du bista horretan Mendozak, errenteriako presoaren osasun egoera kezkagarria delako. 1999. urteaz geroztik dago preso Gogorza, eta bere egoera larria zelako 2013an Basauriko espetxera hurbildu zuten. Nahasmen obsesibo konpultsiboa eragiten dion buruko gaitza du Gogorzak, autolisi arrisku handiarekin. Azken urteetan hainbat aldiz ospitaleratu behar izan dute Basurtoko erietxean bere egoeraren ondorioz.
Mikel Arrieta, larri gaixo dagoen beste preso oreretarrari ere egin dio bisita Mendozak. Joan den apirilean izan zen hori, eta Algecirasko Botafuego espetxeraino (Andaluzia, Espainia) joan zen alkatea Arrietaren egoera lehen eskutik ezagutzera. Arrietaren kasua joan den urteko abuztuan jakinarazi zuten. Aurretik gaixotasunaren zantzuak bazituen ere, orduan eman zioten diagnostikoa oreretarrari: espondilartropatia kroniko seronegatiboa HLA B 27 positiboarekin du. Algeciraseko espetxean da Arrieta Euskal Herritik 1.100 kilometrora. Gaixotasun larria, sendaezina, eta endekapenekoa da Arrietak pairatzen duena. Egoera horrek eta eragiten dizkion ondorioek eraman diote behin baino gehiagotan bere senitartekoen bisitei uko egitera, oinazea eragiten baitio bisita eremura joateak ere.
2000 urtean espetxeratu zuten Arrieta, eta azken urteetan Algecirasko espetxean dago. Lehen graduan sailkatuta dute preso oreretarra, eta isolamenduan dute.