Euskaraldiaren atarian, EAJ-PNVtik Eusko Jaurlaritzak eta Euskara taldeen topaguneak sustatutako ekimen honetan parte hartzera deitu nahi ditugu pasaitarrak, 11 egunez Euskal Herri osoan euskaraz egin dezagun, behintzat, lehen hitza. Eta bide batez eskerrak eman nahi dizkiegu buru belarri lanean aritu diren talde eragile guztiei, elkarrekin euskararen alde lanean aritzeagatik.
Pasaian hamar pertsonatik zazpi dira euskaraz hitz egin edo ulertzeko gai, baina kaleetan ezagutza hori ez da antzematen. Erakundeetatik egin dugun lan eta esfortzuari esker urrats garrantzitsuak egin ditugu azken urteotan, baina aurrera pausoak ematen jarraitzea behar beharrezkoa dugu hizkuntza ohiturak aldatzen joateko eta hain zuzen ere, helburu horrekin sortu da Euskaraldia.
Euskaraldia ez da ohituta gauden kanpaina horietako bat. Euskaraldia praktika bat da, ariketa bat, esperimentu bat.
Ni ahobizi izango naiz, euskaraz ulertzen duen guztiari euskaraz egingo diot, honek gazteleraz erantzuten badit ere eta lehen hitza ere euskaraz egingo dut. Baina ekimen honetan belarriprestak izan behar dute protagonista nagusiak.
Euskaraldia esperimentu bat bada, izan gaitezen akuri!
Nahikari Otermin
Pasaiako EAJ-PNVko bozeramailea eta datozen udal hauteskundeetarako alkategaia