Kepa Isasi Xenpelar Bertso Eskolako kidea eskolaren ikasturte berria eta asmo eta proiektu berrien gainean mintzo da gutunean.
Bada hilabete, gutxi gorabehera, Xenpelar bertso-eskolak XXXI. ikasturteko ateak ireki dituela; galtzak bete lan dauzkate, gainera. Izan ere, aurten, beste egitasmo bat jarriko dute abian aspalditik bertso-habia bilakatu den Arkaitzan, hain zuzen ere. Arka hitza izena eskaini diote.
Hango kideek azaldu digutenez, Irunen duela zenbait urte ekin zioten ibilbidearekin (Kabigorri) bat egin nahi dute, eta, bide batez, ikuspuntu soziolinguistikoa aintzat hartuta, horren bereziak diren bi herriak bertsoen magalean batu.
Ikasleei dagokienez, 120 lagun, umek eman dute izena aurten. Hiruzpalau taldetan banatu dituzte. Helduek, ordea, hortxe dihardute beste urtebete. Asterik aste, hamaika gazte biltzen da bertan. Bertsogelako hormak oin, errima, puntu eta doinu xarmagarriz apaintzen ahalegintzen dira. Gogotsu hasi dute guztiek ere hitzen jolas-plaza. Bejondeiela!
Horretaz gain, Ereintza elkartekoekin batera, buru-belarri dihardute XXIV. Xenpelar saria antolatzen. Bi urtean behin, hogeita bost urte bitarteko Euskal Herriko bertsolari gazteen lehia bizia izan ohi da. Azpimarratzeko modukoa da, gainera, azken urteotan, neskak izan ditugula jaun eta jabe. Horrela izaki, emakume eta jabe behar luke, ala? Hamarkadak joan, urteak etorri, txapelaren nagusi bakarrak bilakatzen ari zaizkigu, zorionez, tirriki-tarraka parekidetasuna gailentzen ari den seinale.
Datorren ostiralean bertan (azaroak 16) izango dugu lehen saioa Xenpelar etxean. Hiru kanporaketa ikusi zein entzuteko parada paregabea izango dugu; hurrengo biak, bata hilaren 23an, bestea, berriz, 30ean. Arratsaldeko 19:00etan jokatuko dira hirurak.
Punturik gehien lortzen dutenek Niessen kulturgunean, abenduaren 9an, arratsaldeko 18:00etan izango dute elkarren aurka jarduteko aukera. Hortaz, Euskaraldia ate-joka datorkigun honetan, bertsozale, prest izan belarriak, bertsolariek ahoa bizi-bizi izango dute eta.
Kepa Isasi, Xenpelar Bertso Eskolako kidea