Hemen, Marijo Telletxeak HITZAren papereko edizioarako, ‘Hitz hartuak’ bere atalean, azaroaren 16an egindako ekarpena:
Hitzen lihoa iruten kantatu zuen poetak Xalbadorri eskainitako kantu hartan, eta hitzaren dohaina dutenak ikusi genituen hitzekin jolasean, hitzekin sortzen, hitzak lihoa balira bezala iruten. Xalbadorrentzako egindako hitz horiek baliatzen ahal ditugu Xabier Leteri buruz hitz egiteko.
Otoitzean bezala aritu zen oiartzuarra bizitzako azken urte luzeetan, kantuan ez, baina olerkiak errezitatzen. Gero eta barnerakoiago bihurtu zela esango nuke, kristau-fedeari erabat lotua, mundu honetatik haragoko hari begira, gauzen zentzua beste nonbait bilatu eta aurkitu nahian.
Ez zuen, halere, aldarte ilun hori erakutsi beti. Izan ere, gaztetako kantuak entzutean ikusten dugun pentsalaria askoz ere lurtarragoa da, hemengoari lotua ageri da, eta ez du bestelako mundu edo esperantzarik behar.
Garai horretakoa da
Sinisten dut. Otoitzaren itxura izan arren, otoitz fedegabea. Eta hala ere, kantuaren formak hitzen esanahia osatu egiten du espero dugunaren kontrakoa esanez. Letek naturan eta horrek dakarren guztian sinesten du; ez beste deusetan. Eta gero, bukaeran, keinu hori; alegia, beste izaki bizidunak bezalakoak garela adierazi ondoren, edertasuna dela gauza guztien neurri bakarra esaten digu. Maisua baita Lete esan behar dena esaten. Izan ere, ba al dago edertasuna baino giza bereizgarri funtsezkoagorik?
Euskal Herriari eskainitako abestiak ere erabat esanguratsuak dira: puta batek alkohola maite duen moduan maite du herria, ezin du maite, eta halere, ezin du beragandik aparte bizi. Herria pertsona gisa agertzen da; maite eta gorroto duen pertsona, barne-kontraesan guztiak azaleratzen dizkiona. Letek beti erakutsi digu gizakia ez dela modu bakarrekoa, konponezinak dituela bere buruarekin. Ez dela berak uste bezain ona, garbia, gardena, hutsik gabea; ezta besteek uste bezain okerra ere. Begirada horrekin ikusten du bizia eta izatea eman dion herria; gizakia bezain makurra da sorterria.
Heriotzaren arriskua eta gaixotasuna gainditu zituenean, haren bizitzan lehendik sakonak ziren hitzek norabidea aldatu zuten, eta transzendentzian hartu zuten indarra. Lurreko gauzetatik gero eta urrunago,
Egunsentiaren esku izoztuak lanean behin eta berriz darabiltza heriotza, gabezia, etsipena, izandakoaren oroitzapena, galdutakoaren mina, hutsunearen presentzia. Zer nolako indar eta poetikotasunez erakusten digun gizakiarentzat ilunak baina saihestezinak diren bizitzaren markak!
Betiko galderen inguruan dabilen bukaerako Lete bestea bezain zorrotza da esan behar den hori esaten, baina badaki iluntasunak deitzen diola; badaki akatsik gabeko bizitza ezinezkoa denez, berak ere barkamen beharra duela; badaki barkamena behar duenak barkatzeko prest behar duela; badaki Lurdesen heriotzaz geroztik, bizitza ausentziaz beteta dagoela presentziaz bezainbeste. Izatea eta ez izatearen arteko borroka horretan desagertu beharra dago. Eta horrela ulertzen dugu
Lore bat, zauri bat kantuan, mendekatzailea beilari bihurtzea: erabateko aldea dago bi jarrera horien artean, noski, eta Letek ez du itsu-itsuan egin aldaketa hori. Ez du alferrik esaten azken lanean, heriotzak irabazleen eta galtzaileen arteko diferentziak berdintzen dituela.
Baldin bada Leteren ibilbidean etengabe agertzen den ezaugarririk hauxe da nire ustez:
Nitasunaren indarra. Etengabe
Ni-ari buruz ari zaigu, bere
Ni horretatik hitz egiten digu; bakarra eta errepika ezina den
Ni hori azaleratzen du, eta era berean, gutako edonor islatzeko moduko
Ni-a da.
Ni naiz kantuaren sakontasunak eta esanahi aberatsak biltzen du Lete izan zen eta den hori.
Eta bukatzeko, beste keinu bat:
Elurra ikusi dut. Nola asma daiteke elurraren presentzia hain modu subjektibo eta pertsonalera ekartzen? Elurra eta giza bizipenak arrunt modu xamurrean lotzen ditu, eta berriz ere, naturako gertakizun xumea den hori, giza bizitzako funtsezko jazoera bihurtzen da. Leterentzat munduan pertsonak daude; eta natura gizakiarengan hasi eta bukatzen da, haren izu eta desiren erakustoki bilakatzen da, poz eta arranguren babes, gauza guztien sorburu.
Berak zuzenean emandako kontzertuan aitortu zuen, maiz joaten zela Agiña gainera, eta han, Nafarroako eta Iparraldeko mendiei begira otoitz bat bezala errepikatzen zuela
Xori kanta zale ederrak, noizpait alde egin zenutenak non ote zaudete kantatzen? Gain horretan dago Oteizak egindako eskultura, hor zabaldu zituzten Laboaren errautsak, hor etorri omen zitzaion gogora Artzeri
Gure bazterrak olerkia…
Iturri zaharretik ur berria edan zuten Ez Dok Amairuko kideek. Iturria hor dago; edan dezagun gogotik!