Harpidedun, eragile, elkarte eta erakundeetako ordezkarien babesarekin ospatu du 15. urteurrena gaur OARSOALDEKO HITZAk.
15. urteurrena ospatu du gaur OARSOALDEKO HITZAk
OARSOALDEKO HITZAK 15 urte bete ditu, eta urte horietan bidaide izan dituen norbanako, eragile, elkarte eta erakundeetako kideetako batzuen babesean ospatu du gaur Errenteria-Oreretako Niessen kulturgunean. Ekitaldi xumea izan da gaurkoa, baina ederra, eta edertze horren arduradun izan dira Lezoko Orratx Antzerki taldearen, Errenteria-Oreretako Kukai Dantza taldeko dantzarien, HITZAren urteurrenerako Orereta Ikastolako ikasleek sortutako olerkia irakurri duten bi ordezkarien, eta Oiartzungo Beira taldeko kideetako batzuen emanaldiak. Mirari Martiarenak gatza eta piperra jarri dio bakarrizketarekin, hamabost urteko ibilbideari. Errenteriako Udal Txistularien Bandak ere fin egin die harrera bertaratu direnei.
Ospakizuna izan da gaurkoa, baina batez ere eskertza. Eskertza, hamabost urte hauetan euskaraz zer idatzi eman diotenei paperekoan zein digitalean, egunero buzoian jasotzea erabaki zutenei eta dutenei, kolaboratzaileei, beren saltoki edo produktuak OARSO BIDASOKO HITZAren orrietan txertatzen dituztenei, agerraldi bakoitzeko deialdia egiten duten eragileei, erakundeei… Eskertza, batera edo bestera, tokiko euskarazko informazioaren aldeko hautua egin dutenei, finean HITZA posible egiten dutenei. Beste hamabost betetzeko ere, ezinbesteko izango dira. Eskerrik asko!