Orientazio ibilbide iraunkorrak sortu dituzte Listorretan

Familei begira jarduera fisikoa sustatzea du helburu, baina banakako zein taldeentzat egokiak dira sortu dituzten lau ibilbideak.

Txasko eta Galarraga Orientazio Mapa iraunkorreko ibilbide luzeenaren fitxa eskutan dutela.

Errenteria-Oreretak orientazio mapa du. Oinarrian, jarduera fisikoa sustatzeko udalak 2017ko ekainean onartu zuen jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Plan Integrala dago, eta helburua, bizitza aktiboan saontzeko tresnak herritarren eskura jartzea. Gaur aurkeztu dute orientazio mapa Jon Txasko Kirol zinegotziak eta Kimetz Galarragak GOT Gipuzkoako Orientazio Taldeko kideak.

Orientazio kirolak jarduera fisikoa eta mentala uztartzen dituela nabarmendu du Txaskok, “parte hartzailearen autonomia jorratzen du eta toki eta ingurune berriak ezagutzea ahalbidetzen du”. Jarduera gainera, bakarka, taldeka, familian eta lehia edo aisialdi moduan egin daitekeela , eta kirol jarduera izateaz gain,  orientazio mapa aisialdi eta turismo jarduera bat dela erantsi du, “joko edo kirol moduan ingurunea ezagutzeko aukera dibertigarria bilaka daiteke, herrian ezagutzen ez diren txokoak ezagutzen lagun dezakeen jarduera, alegia”. Izan ere, ingurune naturala da Listorretakoa, eta natura da baliorik nagusiena bertan, baina Azpitarteko kobazuloak ere bertan kokatuta daude.

Aiako Harria parke naturalaren barruan kokatutako Listorreta aukeratu du Errenteriako Udalak orientazio jarduera egiteko eremu iraunkor gisa, eta kilometro bateko orientazio mapa bat sortu du 1:5.000 eskalan. Mapa sortuta, lau ibilbide diseinatu dituzte, zailtasun eta luzera ezberdinak dituztenak. lehena, eta errazenak 1,4 kilometro ditu eta ordubete behar da egiteko; bigarrenak, 2,4 kilometroko luzera du eta ordu eta erdian egin daiteke; hirugarrenak, 3,2 kilometro luze du, eta bi ordu eta erdi aurreikusi dituzte egiteko; azkenak, 4,7 kilometro ditu eta hiru ordukoa da.

Orientazioa ibilbidea egin

Erraza dela ibilbidea egitea esan du Txaskok, “seinalizatutako ibilbide bat egin behar da, pistak bilatu eta mapan zenbakiei jarraituz. Ibilbidearen puntu bakoitzean dagoen plaka aurkitu behar da, ibilbidearen amaieraraino iritsi arte”.

Halere zailtasunak izan ditzaketela lehenengo aldian egiten dutenek ere esan du Galarragak: “Lehenengo aldian desesperatzeko modukoa izan daiteke, baina zenbat eta gehiago egin, orduan eta gehiago engantxatzen zaitu, eta izugarri gozatzen da. Mendia gustuko dutenentzat, kirola egiteko modalitate oso interesgarria da”.

GOT taldeak egin du proiektua eta Galarraga izan da marratzailea. Udalak  5.000 euroko inbertiosa egin du proiektu hori gauzatzeko, eta Eusko Jaurlaritzak 1.700 euroko ekarpena egin du tokiko eremuan jarduera fisikoa sustatzeko programaren barruan. Orientazioak ez duela tamalez Euskal Herrian zabalkunde handirik, baina Espainiako Estatuan, Europan eta bereziki Eskandinavian oso hedatuta dagoen kirol mota dela esan du GOTeko kideak. Gipuzkoan, hirugarren orientazio ibilbide iraunkorra izango da Errenteria-Oreretako, aurretik Zarautz eta Zegaman sortu dituzte.

Mapak Errenteriako Turismo bulegoan eskuratu daitezke, Listorretako Barrengoloia Informazio Gunean (udan) edo Herri Biziaren web orrian. Mapa bereziak direla zehaztu du Galarragak, “orientazio mapak ez dira edonon aurkitzen, zehazki kirolera bideratuta sortutakoak dira”.

Galarragak eta Txaskok herritarrak orientazio ibilbideak egitera animatu dituzte, “banaka, taldeka edota familian, jolas moduan edota lehiarako, interesgarria delako eta jarduera fisikoa egiteko beste modu bat”.

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend