San Juango Batelerek arraun taldea utziko dute. Albiste honekin esnatu ginen aurreko astean. Horren ondoren etorri ziren adierazpen ezberdinek hautsak harrotu zituzten Pasai Donibanen. Arraunlariek esandakoa berretsi zuten bigarrenez. Esan eta egin. San Juango emakumeen ontzia ia hogei arraunlarietaz agurtzen zen.
Nire asmoa ez da errua alde ezberdinen artean banatzea, emakume arraunlarien ibilbide oparoa goraipatzea baizik. Bost urtez jarraian Euskotren Ligaren zein Kontxako Banderaren irabazle izan dira Batelerak. Ni zinegotzia nintzela, udalak 2014. urtean egin zien lehenengo harrera gogoan dut oraindik. Urte horretan lortutakoa beste lau aldiz errepikatu zen jarraian. Garai horretan ez nituen Batelerak pertsonalki gehiegi ezagutzen.
Urte bereziena niretzat 2016. urtea izan zen. Orduan hasten nintzen ni nire lehenengo erreportajeak grabatzen. Nire lankideari adierazi nion Batelerei egingo zieten harrera kubritu nahi nuela. Horretarako, noski, Kontxa irabazi behar zuten. Eta Batelerek ez zuten hutsik egin. Egia esan, denbora eskasa izan genuen dena prestatzeko. Baina bai, hortxe ibili nintzen, mikrofonoa lehendabizikoz eskuan nuela Batelerak elkarrizketatzen. Lortutako garaipena ospatzeko beste modua izan zen.
2017. urtea gogorra izan zen. Txilen nengoela bizi nuen Bateleren azken aurreko garaipena Kontxan. Aurreko egunean, kamiseta arrosa eskuan neramala, Txileko Santiagon dagoen Santa Ana elizara gerturatu nintzen. Bertan, Batelerek laugarrena irabazi ezkero, urtero Pasai Donibaneko Santa Ana ermitara igoko nintzela zin egin nuen. Batelerek iaz hitza bete zuten bezala, nik berdina egin nuen aurtengo udan Santa Anara igotzen.
Egia esan behar dut. Bateleren agurrak sentimendu pila bat mugitu ditu nire barnean. Oroimen guztiak bata bestearen atzetik pasatzen dira nire burutik. Baina pozik nago. Badakit azken bost urte hauetan garaipen guzti horien atzean egon den lana, ahalegina eta borroka. Traineruan elkarrekin abiadura berean joaten ziren bezala irteten dira. Emakumeentzat ez da erraza izan historikoki gizonen menpe egon den kirol munduan aritzea. Estropadak eta banderak irabazteaz aparte, San Juango Batelerek argi utzi dute berdintasunaren alorrean lan handia dagoela egiteko.
Talde bezala izan nauzue alboan, eta nire babesa izango duzue hemendik aurrera ere. Hau ez da hemen amaitzen. Gertu dagoen etorkizunean topatuko gara berriro, eta ohikoa izan den bezala bizitako une onenak gogoratuko ditugu elkarrekin. Mila esker San Juan herriaren izena eta ospea Euskal Herri osoan ezagutzera emateagatik. Gora Batelerak!
Erik Salazar