Eguzki: “Hondakinen kudeaketa arma politiko gisa erabiltzea negargarria da”

Hondakinen araudia egoki betetzen ari den ikuskatzea derrigorrezkoa duela udalak ekarri du gogora Eguzki talde ekologistak.

Batzuen utzikeria agerian uzten duen argazkia. ARGAZKIA: Eguzki Talde Ekologista.

Edukiontzi marroian, hau da hondakin organikoak biltzen diren ontzian, bizilagunek utzitakoen egiaztatze eta kontrola hasi duela udalak salatu zuen PSE-EEk duela astebete. Udaltzaingoko CCOO sindikatuak udaletxean aurkeztutako kexa bat oinarri hartuta egin zuen salaketa alderdi sozialistak. Orain, Eguzki Talde Ekologistak erantzun egin dio, eta arduraz eta koherentziaz jokatzeko eskatu hondakinen gaian.

Lehenik eta behin, udalaren zein beste administrazioen menpeko konpetentzietan, araudia betetzen ari den egiaztatzeko derrigorrezkoa dela ikuskatzea nabarmendu du Eguzkik helarazitako prentsa oharrean, “ordenantza fiskalak izan, trafikoa zein hondakinen ordenantzan horrela da”. Ordenantza hori gainera aho batez onartu zuela plenoak duela urtebete pasatxo ekarri du gogora, eta horren harira, harridura azaldu du talde ekologistak alderdi sozialistaren jarrerarekin: “Gogorarazi behar diegu zer onartu zuten? Hondakinen jabetzaz mintzo da II ataleko 12. artikulua. Behin edukiontzitan utzita, udalaren jabetzakoak dira hondakinak. VI tituluaren 46. artikulua berriz, ikuskaritzaz ari da,  eta ikuskapen zerbitzuko langileek hondakinen poltsak zein edukiontziak ikuskatzeko eskumena dutela dio. Ordenantzak gainera, arau hausleak identifikatzen ditu 49 artikuluan, eta  arau hauste horientzako isunak zehazten du 57. artikuluan”.

Alderdi sozialistari galdera zuzena egin dio Eguzkik: “Udalak dituen bete beharrekin utzikeriaz jokatzea eskatzen ari da PSE-EE? Aspalditik antzeman diren arau hauste ugarien aurrean, araudia ez betetzea eta udalak prebarikatu edota lege iruzurra egitea?”.

CCOO sindikatuaren eta PSE-EEren jarrera “negargarritzat” jo du Eguzkik, eta natura, gizalege, hiri garbiketa, eta Europako, Espainiako Estatuko, eta udal araudiaren kontra jotzea egotzi die “arerio politikoa ahultzen saiatzeko. Ingurumena, birziklatzea eta hondakinen kudeaketa egokia arma politiko gisa erabiltzea iraganeko kontuak zirela sinistuta ginen, baina badirudi batzuei ideiak agortu zaizkiela datozen udal hauteskundeei begira, eta iraganera itzuli direla. Zein interes duzue gure herrian hondakinen kudeaketa egokia egin ez dadin, ongi egin ez dadin? Zergatik nahiago duzue lehen gaiak erre eta alperrik galtzea birziklatzea dagoenean? Ez duzue uste epe laburrera pentsatzen ari zaretela soilik, eta gizalegez jokatzen ez dutenak saritzen? Zergatik eskatzen duzue kontsentsua gehiengo indarra ez zaretenetan eta inposatu boterean zaudetenetan? Errauste planta ezartzerakoan saiatu al zarete oposizioarekin eta agente sozialekin kontsentsua bilatzen?”.

Galdera ugari Eguzkik PSE-EEri egin dizkionak, eta eskaera argia: “Utz dezagun hondakinak bereizteari diogun beldurra alde batera, sentsibilizazio kanpaina ugari ein dira dagoeneko, formazioa eta informazioa eman da, eta udalak ere hobariak emango dizkie egoki bereizten dutenei. Zer gehiago nahi duzue egitea gizalegez jokatzen ez duten horiek, edo alperrak direnek, gure seme-alaben etorkizunean pentsatzen ez duten horiek birziklatzea erabaki dezaten besteok bezala?”.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend