Herritar gehienek ongi bereizten dituzte hondakinak, baina bada zer hobetu

12 hilabetez herritarren jarrera eta inplikazioa "zoriontzekoa" dela esan dute lau alderdietako ordezkariek. Hobetu beharrekoak direla aitortu dute.

Murua, Legorburu, Rodriguez eta Lemos gaurko agerraldian.

Urtebete da, Errenteria-Oreretan hondakinak gaika biltzeko sistema berria martxan jarri zenetik. Horren gaineko balorazioa egin dute gaur, duela urtebete sistema berria aurkeztu zuten moduan, udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek. Aho batez babestu zuten orduan sistema, eta hura arautzeko ordenantza, eta gaurko agerraldian ere adostasun maila bera azaldu dute Bernar Lemos Hirigintza zinegotziak (EH Bildu), Jose Cruz Legorburuk Ingurumen zinegotziak (Irabaziz), Jose Angel Rodriguez (PSE-EE) eta Elixabete Muruak (EAJ). Idatzi bateratua irakurri dute lau ordezkariek, Lemos eta Muruak euskaraz, eta Rodriguez eta Legorburuk, gazteleraz.

12 hilabetez herritarren jarrera eta inplikazioa “zoriontzekoa” dela esan dute lau alderdietako ordezkariek. Izan ere, egun, hondakin guztien %60 ondo sailkatuta jasotzen da. 2014ko datuak bikoiztu dituzte herritarrek, urte horretan hondakinen %30 baino ez zelako gaika jasotzen. Organikoa jasotzeko edukiontzi marroiak, gainera, “oso harrera ona” izan duela nabarmendu dute gaurko agerraldi bateratuan, eta datuak eman dituzte: 2017an, 1.400 tonatik gora hondakin organiko bildu ziren, eta aurtengo datuak hobeagoak izango dira, urrira arte 2.231 tona bildu baitira. Iraunkortasunean pausuak emateaz gain, onura ekonomikoak ere lortzen direla nabarmendu dute, bilketa kostuetan udalak duen defizita murriztuz.

Gehiengoak ondo egindako lana ez zapuzteko neurriak

Bide onean badoaz ere, hobetu beharrekoak badirela azaldu dute. Herritarren gehiengoak ongi bereizten ditu hondakinak, behar den moduan botatzen ditu dagokion edukiontzira, baina gehiengoak duen jarrera positiboa, zuzen eta kontziente egiten duen lana zapuztu dezakeen jokabiderik ere badela aitortu dute, eta  halakoak ekiditeko talde guztiak bat egin dute udalak gaikako bilketaren tasak handitzeko eta organikotik inpropioak ezabatzeko helburuarekin martxan jarri dituen eta etorkizunean jarriko dituen iniziatiba guztiekin.

Hondakin kopurua ez ezik, biltzen denaren kalitatea bermatzea ezinbestekoa dela esan dute lau alderdietako ordezkariek, “hori horrela GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak karakterizazio lanak egin zituen urrian bildutako organikoaren kalitatea bermatzeko, eta organikoak ez diren zenbait material aurkitu zituzten bertan”. Legorburuk bi karakterizazio egin dituela GHKk azaldu du, “%8,5eko inpropio kopurua eman zuen lehenak, eta %7,5 bigarrenak”. Beste karakterizazio bat egingo du kontsorzioak urtarrilean, eta orduan inpropioen kopuruak %5etik beherakoa behar duela azaldu du Lemosek, “hala agindu du San Marko Mankomunitateak eta kopuru hori betetzeko neurriak hartzeko eskatu”. Mezu garbia helarazi du Lemosek, “ez bereiztea gaizki badago, organikoa kutsatzea izugarria da”; gainontzeko alderdiek babestu dute.

Organikoen edukiontzian azaldutako inpropioen artean janariz beteriko ontzi arinak (ezin bada janaria aprobetxatu, ontzi barrukoa organikoan hustu eta ontzia, hutsik, edukiontzi horira bota behar da), fardelak (edukiontzi grisa edo errefuxara bota behar dira), oihalak (arropen edukiontzi zurian utzi behar dira), ontzi arinak (edukiontzi horira bota behar dira beti), plastikozko poltsak (gai organikoak konpostagarriak diren poltsetan bota behar dira edukiontzira, eta poltsa horiek doan banatzen dituzte hainbat puntutan udalak jarritako makinek) azaldu direla zehaztu dute, “batzuk ezagutza faltagatik izan daitezke”; baina horiekin batera, edukiontzi marroira botatzea “onartezina” den beste hondakin batzuk azaldu direla erantsi dute: beira, medikamentuak, RAAE aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak… “Ezinbestekoa da organikoak ez diren material hauek edukiontzi marroian gehiago ez agertzea, eta udalak behar diren neurriak hartuko ditu herritarren %95ak ongi egindako lana ez dezaten gutxi batzuk zapuztu”.

Sentsibilizazioa eta pedagogia erabiltzen jarraituko du udalak herritarrak gaiaren gainean kontzientziatzeko, eta horri begira, abenduan hondakinen gaineko sentsibilizazio eta informazio kanpaina egingo du. Hezitzaileak izango dira kaleetan herritarren zalantzak argitzeko eta horien ohituretan positiboki eragiteko. Ez da ordea, neurri bakarra izango, eta udaltzaingoa dagoeneko lanean ari dela jakinarazi dute lau alderdietako ordezkariek.

Hobetu beharrekoen artean ere lurrean azaltzen diren hondakinak ezabatzea, “edukiontzi barruan sartzen ez diren poltsak batetik, eta boluminosoak, bestetik.  Guztiz debekatuta dago poltsak edukiontzi kanpoan uztea. Altzari eta boluminosoei dagokienean, berriz, maiatzean doako zerbitzua jarri zuen martxan udalak horiek jasotzeko. Norbaitek hondakin handi bat bota nahiko balu eguna eta ordua hitzartu beharko luke, edo garbigunera eraman”.

Edukiontzi grisaren eta marroiaren irekitze sistemak dituen arazoak konpontzeko pausoak ematen ari dela udala jakinarazi dute, bestalde, “neurgailuen pila aldaketa orokorra egin da, eta enpresarekin harremanetan jarri da udala arazoari behin betiko erantzuna eman ahal izateko”.

 

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend